Historian lehen aldiz bi sare eta hiru postu hutsik gelditu dira

Joseba eta Nerea 2009ko irailaren 29a

Udalak 27.925 euro jasoko ditu postuen enkantetik

Joan den irailaren 15ean egin zuten aurtengo bigarren subasta, sexta jaso zuen postu bakarraren gainean. Inork ez zuen prezioa hobetu eta 22. postua ateratako prezioan eraman zuten, 830 eurotan.
Aitzineko urteetan ez bezala, aurten 3. eta 4. sareak eta 16, 20 eta 21. postuak hutsik gelditu dira. Ez ditu inork hartu. Usategien historian lehenbiziko aldia da hain­bertze postu hartu gabe gelditzen direna. Arra­zoiak desberdinak dira, galdetzen diozunaren arabera. Ehizturiek «parajearen egoera txarra» aipatzen dute. «Udalak ez ditu hango zuhaitz-adarrak eta ira­tzeak garbitzen», kexu dira. Bertzalde, Patxiku Irisa­rri alkateak dioenez, «egiaz­ko subasta kalean egiten dute ehizturiek, udaletxera joan ai­tzinetik». «Elkar hartzen dute eta horrela ez da pikerik izaten». Krisiak ere eragina izaten ahal duela aipatu du Irisa­rrik.

Udalak 34.775 euro jasotzea espero zuen postuak lehenbiziko aldiz enkantean atera zirenean. Baina ez da ko­pu­ru horretara ailegatu, bi sare eta hiru postu hu­tsik gelditu baitira. Guztira 27.295 euro jasoko ditu aurten Udalak. Joan den urtean 42.280 euro jaso zituen, 2007an 49.605 euro eta 2006an 52.333 euro. Urtetik urtera makurtzen ari da enkantearen saltsa. Ikusi beharko da nola akaba­tzen den afera hau.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun