Doneztebeko errotonda eta autobus geltokiko lanak akitu dituzte

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 29a

Nafarroako Gobernuko kontseilariak, Doneztebeko udaleko alkate eta zinegotziekin eta lanetako arduradunekin. TTIPI TTAPA

Hiru departamentutako kontseilariak bisitan izan ziren irailaren 28an

Doneztebeko errotonda eta autobus geltokiko lanak akitu dira eta irailaren 28an, astelehen eguerdian, Nafarroako Gobernuko hiru Departamentutako kontseilarien bisita izan zuten.
Izan ere, Doneztebeko Udalak Nafarroako Gobernuaren laguntzaz 528.951 euroko inbertsioa egin du. Aipatutako errotonda eta bi markesina dituen geltokiaz gain, Ezkurra, Galbaraialde eta Bidasoa errekak garbitu eta egokitu dira, uholde arriskua ahal den neurrian saihesteko.
Honela, Toki Administrazioko, Landa Garapen eta Ingurumeneko eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazioko kontseilariak, Amelia Salanueva, Begoña Sanzberro eta Laura Alba Cuadrado, hurrenez hurren, Donezteben Nafarroako Gobernuak eta bertako Udalak egindako obrak ikustera joan ziren; obretako inbertsioa, guztira, 528.951 eurokoa da.


Errotonda berri bat jartzea eta ingurua urbanizatzea

Biribilgunea NA-170 errepideko zeharbidean dago, udal eskolen ondoan.
Elkargune horrek lehen hainbat adar zituen, leku hauetara joateko: osasun zentroa, Enplegu bulegoa, urbanizazio berriak, udal eskolak eta kiroldegia. Elkargunea ez zegoen bideratua eta, ibilgailu aunitz ibiltzen zenez, istripuak izateko arrisku handia zegoen. Biribilgune berriak zirkulazioa kanalizatzen du eta eremu hartako segurtasuna hobetzen du.

Lehen herrigunean zeuden autobus geltokiak biribilgunean jarri dituzte eta oinezkoen pasabidearen ondoan zegoena kendu egin dute, aparkaleku gehiago jartzeko.
Errotonda berriaren kanpoaldeko erradioa 15 metrokoa da eta oinezkoentzako erdiko babesgunearena 6 metrokoa.

Proiektuko lanak hauek dira: espaloiak eta aparkalekuen eremua zolatzea, oraingo elkargunean dauden bi itxitura horma atzeraematea, seinaleak eta informazio panelak jartzea, argi osagarriak jartzea (glorietan eta aparkalekuan) eta obrek eragindako azpiegiturak ordezkatzea.  

Errotonda eraikitzeko eta urbanizatzeko 428.181 euro gastatu dituzte. Zenbateko horretatik, Herri Lan departamentuak 282.408 euro jarri ditu eta Toki Administrazioko departamentuak 102.000 euro.

Bi markesina berri

Donezteben bi markesina berri ere jarri dituzte, 26.548 euroko inbertsioarekin. Zenbateko horren %87, hau da, 23.097 euro, Nafarroako Gobernuak jarri du, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio departamentuaren bitartez. Honela, lehen autobusa gelditzen zen lekuan 16 aparkaleku egin dira. Aparkaleku horietan gehienez ordubetez utzi ahal izanen da ibilgailua, eremu urdina egin baita. Miguel San Miguel alkateak aipatutakoaren arabera, hori neurtzeko parkimetroa jartzea edo bertze lan batzuk ere egin ditzaken pertsona bat kontratatzea aztertzen ari da Udala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun