Hala, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak eta Getaria (Lapurdi), Donibane Lohizune, Ziburu, Hendaia, Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa Aktiba Garapen Agentziak eta Bertizko Turismo Partzuergoak bultzatuta, Noruegako lurmuturretik Portugalera doan Eurovelo txirrindularientzako ibilbidea eskualdetik pasako da: Endarlatsatik Iruñera bidean, Bortziriak, Sunbilla, Doneztebe, Saldias... zeharkatuz.
Europa osoa zeharkatuko duten 12 bide eta 66.000 kilometro txirrindularientzako erabilgarri egitea. Horixe da Eurovelo proiektua. Europako Txirrindularien Federazioaren ekimenez, Europa osoan zehar Eurovelo izenarekin 12 bide egin nahi dira, eta horietako bat gure bazterretan barna pasatzekoa da. Proiektua ez dago oraindik onartua, baina aitzinera aterako balitz, Noruegako lurmuturretik hasitako ibilbidea eskualdean pasako litzateke Portugal hegoaldera ailegatu aitzinetik. Frantzian barna, Ipar Euskal Herriko kostara sartuko litzateke, eta hemendik Lapurdiko Getaria, Donibane Lohizune, Ziburu, Hendaia, Irun eta Hondarribia gibelean utzita, Endarlatsan barna Bortzirietan sartuko litzateke. Bidasoako trenaren bideari segituz, Sunbillara ailegatuko litzateke, eta hemendik Doneztebera. Trenbideari segitu eta Baztan aldera hartu ordez, Saldiasera hartuko luke, eta Orokieta eta Urrizan barna, Plazaolako trenbidearekin bat eginen luke. Handik Iruñera, gero Salamankara eta Andaluziara eta azkenik Portugalera.
Kudeaketa Bertiz Partzuergoaren esku
«Bertiz Partzuergo Turistikoa aspalditik dabil Bidasoako trenbidea txirrindularientzako bide bihurtzeko lanean». Horrela azaldu digu Izaskun Goñi Partzuergoko kudeatzaileak. Dioenez, «lehenengo ideia bide berdea bihurtzea izan zen. Bide berdearen izendapena emana zigun Bide Berdeen Federazioak. Baina egokitze lan batzuk egin behar izaten dira eta horiek finantzatzen dituena Espainiako Ingurumen Ministerioa da». Bide berdearen izendapena, beraz, badu antzinako trenaren bideak, baina egokitzapenak finantzatzeko Ingurumen Ministerioak exijitzen dituen baldintzak «gogorragoak» direlako, Euroveloren aldeko apustua egin dute Partzuergoan, eta honetan dirulaguntzak Europar Batasunak ematen ditu: «Bide berdeek antzinako trenbideak zeharkatzen dituzte, baina jende gutti bizi diren tokiak dira, eta ez da hori gure kasua». «Malguagoa» delako hautatu dute, beraz, Eurovelorena, beti ere, bide berdearen izendapena galdu gabe.
Euroveloren kasuan, finantzazioa Europar Batasunetik hartzen da. Aurrekontuaren %65eko dirulaguntza ematen du. Kasu honetan, gainerakoa ordaintzeko Nafarroako Gobernuak esku hartuko du: «gure zatiak 873.000 euroko aurrekontua du. Europatik %65 subentzionatuko lukete, eta Nafarroako Gobernuak 278.000 euro emanen dizkigu», dio Goñik. Eurovelorena aitzinera aterako balitz, bertze izendapen bat hartuko luke Donezteberako zatiak: bide berdeaz gain, Eurovelo.
Bideak nondik nora joan behar duen Europako Txirrindularien Federazioak diseinatu zuen 1997an, proiektu bezala Europara aurkeztea, ordea, Partzuergoren ardura izan da.
Baldintza «egokiak»
Eurovelo izateko baldintzak «egokiak eta arazorik gabe betetzeko modukoak» direla uste du Goñik:
•%6ko aldapa baino ttikiagoa (zati laburretan salbuespenak).
•Bi txirrindulari sartzeko zabalera.
•Egunean 1.000 motordun ibilgailu baino guttiago pasa daitezke.
•Ibilbidearen %80an zoladura paratua.
•Urte osoan zabalik.
•Hornidura puntuak 30 kilometro bakoitzeko.
•Alojamenduak 50 kilometro bakoitzeko.
•Bizikletak onartzen dituen garraio publikoa 150 km bakoitzeko.
Doneztebe-elizondo bide berdea
Eurovelok Doneztebetik Saldiasera hartuko luke eta Doneztebetik Elizondorako tartean, bide berdearekin segituko dute: «Ingurumen Ministerioak finantzatzen saiatuko gara, hor ez dago arazorik», adierazi digu kudeatzaileak.
‘Turismo aldetik erakargarria’
Proiektua onartua izanen den ala ez urte akaberan jakinen dela aipatu digu Goñik. Eta egiteko hiru urteko epea izanen da, 2010etik 2012ra.
Onartu gabea bada ere, kudeatzaileak uste du onurak ekarriko lituzkeela eskualdera: «kostara edo herri batetik bertzera joateko bertze aukerak ekarriko lituzke: oinez, bizikletaz, patinekin... Osasunerako baliabide ona litzateke. Gainera, Eurovelo eta bide berdeek zale aunitz dituzte eta turistak ekarriko lituzke».
Auzotarrak kezkatuak
Eurovelo proiektuak ezinegona sortu du Sunbillako auzotarren artean. Egitasmoa onartuko balitz, Eurovelo euren etxe ataritik pasako bailitzateke. Adostasun batera ailegatzeko asmoz, bilkurak egiten ari dira auzotarren batzordea, Sunbillako Udala, Bertizko Turismo Partzuergoa, Lau Herrietako Junta eta Cederna Garalur. Ikusiko da zertan gelditzen den kontua.
Felix espelosin, Sunbillako auzotarra
«Trenbidearen inguruko auzotarroi ahalik eta kalterik ttikiena egiteko akordio batera ailegatu nahi dugu»
Trenbidearen inguruan bizi garen auzotarroi ahalik eta kalterik ttikiena egiteko akordio batera ailegatu nahi dugu eta hitz egiten ari gara. Baserritarrok traktore, auto eta aziendekin ibiltzeko bidea eduki dugu orain arte, eta Eurovelo pasako balitz, hori mantentzea nahi dugu. Lur eremu partikularrak dira eta baserritarrei lehentasuna ematea nahi dugu, eta hemen bizikletan pasako direnek jakin dezatela lurrak pribatuak direla eta lehentasuna baserritarrek dutela, eurentzat paseorako baino ez dela, bertze deusetarako ez. Euroveloren barne, gaur egun araudi gutti daude, baina Europa osoan gero eta gehiago hedatzen ari denez, alde guztiak ongi aztertu nahi ditugu. Lau auzotarrekin batzorde bat osatu dugu eta orain arte bezala, bilerak egiten segituko dugu Udalarekin, Partzuergoarekin, Lau Herrietako Juntarekin eta Cederna Garalur elkartearekin. Hitz eginez, ea auzotarroi ahalik eta kalterik ttikiena egitea lortzen dugun.
Pako errandonea, Sunbillako alkatea
«Kontu honekin gaizki ulertuak izan dira, baina solastuta gauzak garbi geldituko dira»
Txirrindulariek eta auzotarrek, guztiek pasatzeko aukera izatea litzateke onena. Denak sar daitezke eta elkar errespetatzean dago kontua. Bere garaian, trena ibiltzen zenean, auzotarrek euren bideak bazituzten, baina denborarekin desagertu egin dira eta geroztik, trenaren bidea erabili dute. Eurovelo aitzinera aterako dela iruditzen zait, baina bistakoa da auzotarrak ez direla biderik gabe geldituko. Horregatik nahi dugu denen artean akordio bat bilatu. Kontu honekin gaizki ulertuak izan dira, eta bazterrak nahasten ere ibili dira batzuk, baina solastuta, gauzak garbi geldituko dira. Abokatu bat ere hartua dugu eta lantalde bat ere sortu dugu, eta bilerak egiten ari gara. Auzotarrentzat bide berdearen arauak gogorragoak zirelako utzi zen bide berdearena alde batera, eta Eurovelorena hartu zen esku artean. Honek aukera gehiago ematen dizkie ibilgailuei eta jabeei.
Izaskun GOÑI, Bertiz Partzuergo Turistikoa
«Egitasmo polita da eskualdearentzat, eta auzotarrak ere kontent izatea nahi dugu»
Eurovelo izateko bete beharreko baldintzak bide berdearenak baino malguagoak dira. Eurovelorekin auzotarrek uste dute pasatzeko eskubidea galduko dutela, baina ez da horrela. Egunean 1.000 ibilgailu pasatzen ahal badira, ez dago arazorik. Horrekin batera, eraikitzeko ahalmena murrizteko zaien beldur dira, baina orain daukagun bidea nahikoa da. Proiektu honekin gaur egun ematen zaion erabilera mantenduko da: orain ere autoak eta motorrak ibiltzen dira, jendea paseoan, bizikletan... Horrek bere horretan segituko du. Egunkari batean Bertizko Partzuergo Turistikoak proiektua aurkeztu zuela argitaratu zen, eta jendeak zuzenean bidea kenduko geniela ulertu zuen, baina proiektua oraindik onartu gabe dago. Urte bukaeran jakinen da. Egitasmo polita da eskualdearentzat, eta auzotarrak ere kontent izatea nahi dugu. Mugikortasun aldetik aukera gehiago ekarriko ditu eta turistikoki jendea erakartzeko polita da.