Unibertsitateko irakasle, ikastolako zuzendari eta UNEDeko idazkari izandakoa, Ttipi-Ttapako berriemailea, mendizalea... Eta orain idazlea ere bai. Zerrenda luzea du gibelean Ezkurrako Fernando Etxeberriak. Osasun arazoak tarteko, irakasle lana utzi behar izan zuen, eta sorterrira itzuli eta herriari buruz idazten hasi zen. Ezkurra Herri Berezia eta Ezkurrako Txantxangorri Ehiza Elkarteari buruzko liburuak argitaratu zituen orain urte batzuk, eta berriki, Ezkurrako etxe, baserri eta borden argazki bilduma kaleratu du.
Noiz hasi zinen idazten?
Erretiratu ondotik. Osasun arazo bat zela-eta, irakaskuntza utzi behar izan nuen eta Ezkurrara etorri nintzen. Beti izan dut Ezkurrako kontuak jendeari erakusteko obsesioa eta orain hamar bat urte hasi nintzen.
Ez da Ezkurrari buruz idatzi duzun lehen aldia...
Lehenbizi Ezkurra Herri Berezia egin nuen. Udal artxiboan begira nenbilela, 1300 eta 1400 urteko dokumentuak aurkitu nituen. Argitaratzeak merezi zuela pentsatu nuen eta hortik hasi nintzen. Artxiboa bakarrik ateratzea gutxi zelako, argazkiak gehitu nituen. Hori izan zen lehen lana. Bigarren liburua Txantxangorri Ehiza Elkarteari buruzkoa izan zen. Ehizaren inguruko artikulu bat utzi zidaten behin, eta historian herriko ehiztariek sekulako fama izan zutela konturatu nintzen.
Eta orain Ezkurrako etxe, baserri eta borden argazki bilduma...
Mendian asko ibiltzen naizelako izan da. Mendian ibilita bordak ikusten nituen, asko erortzear eta desagertzear. Desagertzea eta izenak galtzea pena litzateke, eta horregatik egin dut. Borda eta baserrien argazkiak eginez hasi nintzen. Gero, herriko eta Iruñeko artxiboetan begiratu eta XVII. mendeaz geroztik, etxeek hartu dituzten izenak topatu nituen. Euskaldunok gosea edukitzen dugu eta hitzak jateko joera dugu. Adibide bezala, beti Ertikoetxea erabiltzen dut. Erdiko Etxeatik zetorrela pentsatu izan dut beti, baina XVII. mendeko dokumentuetan Urrutikoetxea ageri da.
Dirulaguntzarik izan duzu?
Nafarroako Kutxaren zuk erabaki, zuk aukeratu egitasmoan, Udalaren izenean aurkeztu zen proiektua eta diru pixka bat atera zen. Horregatik ageri da Udalak argitaratu duela. Niretzat defizitarioa izan da; errentagarria izateko liburu bakoitzeko 200 euro kobratu beharko nituzke. Baina garbi dut ez dudala diruagatik egin. Denborarekin borda eta baserriak desagertuko dira, baina liburuek hor jarraituko dute.
Zenbat denborako lana izan da?
Hiru urtez aritu naiz liburu honekin. Etxe eta baserriak jasotzea erraza izan da, baina bordak urrutiago daudenez... Baina, oso pozik nago. 50 CD eta DVD baino gehiago baditut argazkiekin eta horrek ez du dirurik balio.
Hiru ataletan banatu duzu liburua...
Bai: herriko historia pixka bat, etxeen izenak eta aldaerak eta argazkiak. Liburuarekin batera, DVD bat ere argitaratu dut, eta honek kapitulu eta argazki gehiago ditu.
Bertzeak bertze, 79 borda aurkitu dituzu, ez?
Bai, eta horrek garai batean Ezkurrako jendea artzaintzara dedikatzen zela esan nahi du. Egun, borda erdiak baino gehiago hondatuak daude, nahiz eta borda gehienen ondoan, artzain txabolak ikusi ditudan eta horietako gehienak zutik dauden. Batzuk zoragarriak dira.
Nolako harrera izan du liburuak herrian?
Argitaratu ditudan 70 liburuen artean, 20tik goiti dohainik eman ditut. Eta saldu direnen artean, erdiak baino gehiago kanpoan bizi diren herritarrek erosi dituzte, kanpoan bizi direnek gehiago estimatu dute...
Etorkizunera begira baduzu egitasmorik?
Ezkurrako mapa egin nahi dut, baina horretarako topografo edo adituren baten laguntza beharko dut. Baditut bertze gauza batzuk ere buruan, baina ametsa maparena da.


