Giro ederra Etxalarren Euskal Herriko ipuin kontalarien bestan

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 28a

Etxalarko hainbat xokotan izan ziren ipuin kontalariak bere istorioak azaltzen. TTIPI TTAPA

Igandean 25 bat kontalari eta jende aunitz bildu zen

Bazen behin Etxalarren… izenburupean Euskal Herriko Kontalarien Elkarteak besta berezia egin zuen igandeanl. Zazpi lurraldeetako 25 ipuin kontalari bildu ziren: Koldo Ameztoi, Jose Mari Carrere, Lupe Lekuona, Peio Añorga…
Patxiku Irisarri alkateak egindako ongietorriaren ondotik, ipuin kontalariak herriko txoko ezberdinetan banatu ziren: Iñarretako gurutzean, plazan, Kultur Etxeko arkupean, osasun kontsultan… Zenbait etxeren atarietan, pertsonalizatutako ipuinak ere kontatzen zituzten A la luz de las Velas taldekoek. Gune bateko ipuina bukatu eta bertze batera hurbiltzeko, bibolin-jole bertsolari baten laguntza izan zuten neska-mutikoek, gurasoek eta Etxalarrera hurbildutako ipuin zaleek.
Euskal Herriko ipuin kontalariak biltzen diren laugarren aldia izan da aurtengoa. Aitzineko urteetan Gipuzkoan (Pasai Donibane), Bizkaian (Getxo) eta Araban (Aramaio) ospatu zuten eta aurten Nafarroan Etxalarri egokitu zaio.
Nahiko ipuin kontatu ondotik, bazkari batean bildu ziren kontalariak eta arratsaldean bilkura egin zuten.
Hala bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila Etxalarko plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun