Euskal Herriko narratzaileen besta irailaren 27an Etxalarren

TTIPI TTAPA 2009ko irailaren 25a

Euskal Herriko ipuin kontalarien elkarteak bilkura eginen du arratsaldean. TTIPI TTAPA

25 ipuin kontalari bilduko dira

Bazen behin Etxalarren… Horrelaxe hasiko dira irailaren 27an Euskal Herriko Kontalarien Elkarteak antolatu duen egun bereziko ipuin gehienak. Zazpi lurraldeetako 25 ipuin kontalari bilduko dira, Isabel Millet antolatzaileak aitzineratu digunez, «Koldo Ameztoi, Jose Mari Carrere, Lupe Lekuona, Kontu Kantoi eta A la luz de las velas taldeak», bertzeak bertze.
Laugarren aldia izanen da aurtengoa. Aitzineko urteetan Gipuzkoan (Pasai Donibane), Bizkaian (Getxo) eta Araban (Aramaio) ospatu dute eta aurten Nafarroari tokatu zitzaionez, gure herrira ekarri dute, Isabel Millet ipuin-kontalariak proposatuta. Lau gune paratuko dituzte herri osoan, eta horietan kontalariek haur nahiz gazteen­tzako ipuinak kontatuko dituzte.

 

Egitarau zabala

11:30ean hasiko da eguna Patxiku Irisarri alkatearen agurrarekin. Ondotik, 12:00etatik 14:00etara, Eskola Zaharreko arkupean, Kultur Etxeko arkupean, Elizako arkupeetan eta Iñarretako gurutzean banatuko dira kontalariak. «Adin guztietako jendea animatzen dugu, egun berezia, desberdina eta goxoa izanen baita», dio Milletek. 14:30ean bazkaria izanen dute ipuin kontalariek, eta 17:00etan Kontalariak elkarteko bilera izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun