EHNE sindikatuak 150 gazteendako sei ikastaro antolatu ditu. Ikastaroak Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan eginen dira. Nekazari eta abeltzainen sindikatuaren helburua «nekazaritzan gazteen instalakuntza bultzatzea, nekazaritza ikasketetan lizentziatuak birziklatzea eta landa eremuen eta dibertsifikazioaren inguruko autoenplegu proiektuak aitzinera atera daitezen animatzea da.
Bi lehendabiziko ikastaroak, «Nekazaritza eta landa eremuetako garapena. Autoenpleguari buruzko proiektuak» eta «Dibertsifikazioa nekazaritzan eta nekazaritza ekologikoa» izanen dira. Lehenbizikoak 90 ordu iraunen du eta hainbat gai landuko ditu: Landa eremuetako soziologia eta nekazaritzako elkartegintza, Europako nekazaritza politika, gazteentzako dirulaguntza-planak baserrietan instalatzeko, ekologia eta ingurugiroa, nekazaritzako bertze alternatiba batzuk (nekazalturismoa, trasnformazioa, komertzializazioa) eta kalitatea eta komertzializazioa: labelak, jatorrizko izenak, markak, bertzeak bertze. Ikastaro hau Gasteizen, Bilbon, Tolosan eta Iruñan eginen da.
«Dibertsifikazioa nekazaritzan eta nekazaritza ekologikoa» ikastaroa urrian eginen da, 80 orduz. Landuko diren gaiak, berriz, honako hauek izanen dira: Nekazaritza ekologikoari buruzko oinarriak; baratzagintza eta frutagintza ekologikoa; ogigintza, mermeladak, kontserbak eta bertze frutaki batzuk; Konposaren ekoizpena eta erabilpena; sendabelarren ekoizpena eta erabilpena; fruitu txikien ekoizpena; komertzializazioa, eskualdeko eta herriko azokak; transformazio eta komertzializaziorako dirulaguntzak eta sanitatearen inguruko legeak eskatzen dituen baldintzak. Ikastaro hau Gasteizen eta Bilbon eginen da.
Bi ikastaroetan zenbait bidai eginen dira landa eremuetako garapenari buruzko esperientzia ezberdinak ezagutzeko. Ikastaroak dohainik dira eta akautzean diplomak banatuko dira. Izena emateko EHNEren bulegoetara jo behar da.