Hiru hilabeteko atsedena izan ondotik, irailaren bigarren astean itzuli ziren eskualdeko ikastetxeetara Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ariko diren hiru eta hamasei urte arteko 3.674 ikasleak. Baita institutu eta lizeoetan Batxilergoa edo Heziketa Zikloak ikasiko duten 680 gazteak. Euskara hutsean ikasten dutenen kopurua gero eta handiagoa da eta derrigorrezko ikasketetan ari direnen %70ra hurbiltzen da. Kopuru hori handiagoa da oraindik Iparraldeko ikastetxeetako ikasleak alde batera utzita, Sara eta Senperen oraindik frantses hutsean ikasten dutenak gehiengoa baitira.
erriki 4.354 ikaslek hasiera eman diote 2000-2001 ikasturteari eskualdeko ikastetxeetan, joan den urtean baino berrehun bat guttiago. Horietatik 3.754 derrigorrezko hezkuntzan arituko dira (843 Haur Hezkuntzan, 3 eta 6 urte artekoak; 1.734 Lehen Hezkuntzan, 6 eta 12 urte artekoak) eta 1.177 Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (12 eta 16 urte artean). Aurten, bi eta hiru urteko 307 ikasle hasi dira eskualdeko ikastetxeetan, horietatik 195 ikastetxe publikoetan, 74 ikastoletan eta 38 ikastetxe pribatuetan.
Gainerako 680 ikasleek, Batxilergoa, Heziketa Zikloak edo Heziketa Berezian eman dute izena.
Nabaria da, halere, zenbat eta ikaslearen adina ttikiagoa izan, orduan eta gehiago direla euskara hutsez ari direnak. Adibidez, aurten, 3 urterekin klasean hasi diren haur gehienek euskaraz ikasiko dute. Orain arte Iparraldeko eskoletan frantsesez ikasten zuten gehien bat, baina Ana Mari Curutchet, Sarako eskola publikoko erakasleak adierazi digunez, «Ama Eskolan –3 eta 6 urte artekoak– ari diren guziak elebidunean ari dira».
Erdara hutsean ari diren gehienak, aldiz, DBHko azken zikloetan edo Batxilergoan ari dira, Hegoaldeko institutu eta Iparraldeko lizeoetan.
Eskola ttikietan ikasle gutti eta kezka aunitz
Urtetik urtera gehiago dira D ereduan, euskara hutsean ikasten ari diren ikasleen portzentaia. Datu kezkagarririk ere bada, ordea. Urtero ikasle kopuru ttikiagoa da Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, eta hori, herri ttikienetako eskoletan nabarmentzen da. Joxe Ramon Amoros, Arantzako eskolako zuzendariaren erranetan, «urtetik urtera ikasle guttiago dago, jaiotze tasa hagitz ttikia dela nabari da eta eskola ttikiotan horren eragina nabarmena da». Arantzako eskolan 60 ikasle zituzten 1997-98 ikasturtean. Aurten, 42 bertzerik ez. Malerrekako herri ttikienetan ere nabari da ikasle kopuruaren beherakada. Joan den ikasturtean Ezkurrako eskola itxi egin behar izan zuten, ikasleen faltan. Erreka horretan ixten den azken eskola ez ote den izanen, kezka horixe azaldu digu Mikel Gereka irakasleak: «Etorkizun beltzena Saldiasek du. Eratsunen heldu dira atzetik haurrak, baina Saldiasen ez». 1997-98 ikasturtean 13 ikasle zeuden Saldiasen, aurten 7 bakarrik eta bakar bat ere ez da sartu berririk.
Autobuseko laguntzailea izanen da aurten
Aurtengoan berrikuntza, ikastetxerako bidea autobusean egiten duten Haur, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako neska-mutikoek izanen dute, laguntzailea izanen baitute autobusean. Hori Bera, Doneztebe, Leitza eta Elizondoko ikastetxeetan nabarituko da gehienbat. Kasu batzuetan autobus enpresak berak jarri du laguntzailea eta bertze batzuetan Guraso Elkarteak, beti ere Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Honela, gurasoen betiko kezka nolabait baretuko da, orain arte haur ttikiek ez baitzuten eskolarako bidean autobus gidariaren zaindaritza bertzerik.