Nafarroako buruz buruko pilota txapelketan, jubenil mailako final laurdenak jokatuko dira irailaren 26an, larunbat goizeko 10:00etatik aitzinera Doneztebeko pilotalekuan.
Lehen partidan, Zugarraldeko Iker Tainta, Irurtzungo Andoni Jakaren kontra ariko da.
Segidan, Oberenako Aritz Juanenea, Errekako Gaizka Bendoiroren kontra ariko da.
Gero, Txarutako Antton Jauregi Irurtzungo Barberenaren kontra eta azkenik, Errekako Beñat Oronoz, Huarteko Lobanen kontra.
Joan den larunbatean, buruz buruko txapelketa honetako final zortzirenetako lau partida jokatu ziren.
Lehen partidan, Zugarraldeko Iker Taintak 18 eta 2 irabazi zion Aldabideko Ander Karasatorreri; Errekako Mikel Kanpok 8 eta 18 galdu zuen Irurtzungo Andoni Jakarekin; Oberenako bi pilotarien arteko lehian, Aritz Juaneneak 18 eta 14 irabazi zion Iñigo Etxamendiri eta Errekako Gaizka Bendoirok 18 eta 5 irabazi zion Aldabideko Alain Gabirondori.
Uharteko lau terdiko txapelketa
Irailaren 18an, ortziral arratsaldean, Uharteko lau terdiko txapelketako partidak ere jokatu zituzten Errekako pilotariek.
Unai Madariaga urroztarrak 11 eta 22 galdu zuen Uharte-Arakilgo Lansaloten kontra. Errekakoak tantu ederrak egin zituen, baina ez zuen sake errestoan asmatu.
Imanol Mitxelenak ere 18 eta 22 galdu zuen Donibane Lohizuneko Bilbaoren kontra. Arantzakoak partidu ona egin zuen, baina ez zuen saririk lortu, lapurtarrak onera pilota aunitz eraman baitzituen.
Joseba Madariaga aranztarrak aldiz, 22 eta 20 irabazi zion Irurtzungo Ansotegiri, partida ikusgarri baten ondotik. Ansotegi 14-17 irabazten izan zen, Arantzako atzelaria 21-17 aitzindu zen, baina kosta egin zitzaion azken tantua egitea. Madairagak eskuinkada ederrak eta dejada politak eskaini zituen eta azkenean, jendeak txaloka agurtu zituen bi pilotariak.