Amiselaietako tunelean agertu diren arazo geoteknikoen ondorioz, azaro hasiera bitarte ezin izanen da bere osotasunean ireki Sunbilla eta Bera arteko zatia, N-121A errepidean. Halaxe jakinarazi zuen asteartean Laura Alba Cuadrado, Herrilan kontseilariak Urdazubiko zeharbideko lanetara egindako bisitan. Endarlatsako zubia eta Gipuzkoako zatia ekainean ireki zirela kontuan hartuz, Nafarroako zatia, guttienez, lau hilabete beranduago irekiko da. Halere, Herrilan Departamentutik jakinarazi dutenez, Sunbillako hiru karrilen eta Etxalar arteko 4,15 kilometroak urriko lehen asterako irekiko omen da, baita Etxalar eta Bera arteko zatia, aipatu tunela izan ezik. Zati hau bukatu arte, bide zaharretik desbideratuko da trafikoa, eta beraz, azken hilabetetako ilarak ez dira desagertuko zati honetan.
Urdazubiko zeharbideko lanak urrirako akituko dituzte
N-121-B errepidean Urdazubiko zeharbideko lanak bisitatu zituen irailaren 22an Laura Albak, Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako kontseilariak. Kontseilariarekin batera, Santiago Villares Urdazubiko alkateak ere lanak bisitatu zituen.
Inguruko trafikoa berrantolatzeko premiarengatik, elkarlan hitzarmena sinatu zuten Herrilan departamentuak eta Urdazubiko Udalak. Lanen aurrekontua 2.020.000 eurokoa da eta Nafarroako Gobernuak 1.027.071 euro ordaindu ditu proiektua idazteko, ejekuziorako eta lanen zuzendaritzarako. Urdazubiko Udalak, bere aldetik, lanak egiteko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak hartzeko ardura hartu zuen.
Laura Alba kontseilariak aipatu zuenez, “lanen %67,8 egina dago eta lanak urrirako bukatzea espero dugu. Zirkulaziorako eta segurtasunerako hobekuntza handia izanen da, besta egun eta asteburuetan batez ere”. Zeharbideko lanek bi helburu beteko dituztela ere jakinarazi zuen kontseilariak, trafikoa arintzea eta oinezkoendako bideak egokitzea. Azken urteetan komertzioak inguruan izan duen garapena indartzen segitzeko ere, lanak beharrezkoak zirela jakinarazi zuen.
Urdazubiko zehazbideko lanekin trafikoa berrantolatuko da, zabaltasun nahikoa duten sei biribilguneren bitartez biratzea ahalbideratuko baita eta horreataz gain, oinezkoendako espaloiak ere egiten ari dira. Aduana ingurutik pasatzea ere saihestuko da, by pass bat eraikiko baita.