Sunbilla eta Bertiz lotuko ditu larunbat honetan Bertizko Partzuergo Turistikoak antolatu duen II BTT Martxa Bidasoako Trenbidetik ekitaldiak. Hamar kilometrora ailegatzen ez den ibilbide hau, Bidasoako bide berdearen proiektua den trenbide zaharretik joanen da, natur inguru eder batean. Partzuergotik jakinarazi dutenez, “honen ezaugarriak oso egokiak dira BTT txirrindulaz ibiltzeko eta adin guztietako parte hartzaileei zuzendua dago, horregatik familientzat plan erakargarria dela uste dugu”.
Izen ematea
Ekitaldi honetan parte hartzeko izena eman behar da irailaren 24, ortzeguna baino lehen, Partzuergoaren webguneak (www.consorciobertiz.org) horretarako duen atalean. Faxez (948 597522) edo posta arruntaz ere (Landa Turismo Zentroa; Señorío de Bertiz Natur Parkea; 31720 Oieregi) egin daiteke.
Ibilgailuak uzteko eta bizikletekin autobusez mugitzeko bi aukera eskaintzen dira: Bertizen kotxea utziz, txirrindulekin Sunbillara joatea, abiapuntura, edo Sunbillan kotxea utzita, bukatzerakoan, autobusak eramanen du jendea Sunbillara. Zerbitzu honen kostua 10 eurokoa da eta izen emateko inprimakiarekin batera Bertizko Partzuergoaren kontuan egindako ordainketaren agiria bidali beharko da.