Ameriketako artzainen besta euripean ospatu zen igandean Auritzen

Aitor AROTZENA 2009ko ira. 22a, 12:43

Antzeslana ikusi ondotik, frontoian goxo-goxo bazkaldu zuten artzainek. TTIPI TTAPA

Halere, eskualdetik 260 bat lagun joan ziren, bortz autobus betez

Ameriketan artzain ibilitako euskaldunen omenez laugarren urtez antolatutako besta ospatu zen igandean Auritzen. Lesaka, Aldude eta Elizondoren lekukoa hartu zuten eta 500 bat artzain eta bere senide eta lagunak bildu ziren, horietatik 260 inguru Baztan-Bidasoatik antolatutako bortz autobusetan joanak. Eguraldi kaxkarra izanagatik, artzainek egun ederra igaro zuten. Lehenik, Garralda eta Aurizberriko abesbatzek kantatutako meza izan zuten. Bertan, berriki hildako Josu Goldaraz apeza eta Angel Igantzi eta Joxe Ezkurdia artzainak gogoratu zituzten. Hameketakoa eskaini zuten Kultur Etxean eta Luzaideko Bolanteak dantzatu zituzten.

 

Antzeslana eta bazkaria

Gizasemeak Ameriketara joaten ziren bitartean, hemen gelditzen ziren emakumeek egin zuten lana goraipatzeko “Nevadara joan nintzen emakumeak bakarrik utzita” antzeslana eskaini zen. Artzainek Udalbide, Artzain Mundua, Nafarroako Gobernua, BBK eta zenbait udalen laguntzaz antolatutako eguna  frontoian egindako bazkariarekin bukatu zen. 500 bat lagunek giro ederrean bazkaldu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun