”XVII. mendeko teknika eta materialak erabiliz moldatu dugu etxea”

Asier GOGORTZA 2009ko ira. 22a, 10:22

"Hau familian montatua dugu, laguntzarik gabe. Gaurko egunean ez dugu sos bat ere hartu, dena gure sakeletik eta bankuko kreditutik ateri dugu."

* Elias Tapia saratarrak eta bere familiak XVII. mendeko etxe baten itxura eman diote Ortillopitz etxeari, eta aurtengo udan ireki dizkiete ateak bisitariei.
* Uztaila eta abuztuan 7.000 pertsona pasatu dira handik.
* XVII. mende inguruko euskaldunen bizimodua erakustea da asmoa: sagardoa egiteko tresnak, ogia egiteko labea, sukaldea, logelak…
* Historian, etnologian, artisautzan eta arkitekturan adituak diren pertsonen laguntza izan dute moldaketa lanak egiteko.
* Larun mendiaren hegalean dago Ortillopitz, Saint Ignaceko lepotik kilometro batera.

Bi hilabete dira etxe-museoa ireki zenutenetik. Bisitari ainitz pasa da?
Turistak nahiz hemengo jendeak franko ibili dira publizitate ainitzik eginik ez bagenu­en ere. Abuztuaren hondarrerako 7.000 pertsona ibili dira, guk uste baino 1.000 gehiago. Beraz, gu kontent eta jendeak ere kontent, lehenagoko etxe bat atxiki dugulako.
Arront historia luzea du Ortillopitz etxeak. Noiz hasten da?
Joanes Orti­llopitzek eginarazi zuen XVII. mendean, hortik heldu zaio izena. Bainan hori baino lehe­nago hemen bazen beste etxe bat XVI. mende­koa. Guk atxeman dugun bezala XVII. mendeko etxea zen. Bainan etxea hondatua zen, beraz, nere andre, koinatu, arrebarekin… pareta guziak garbitzen eta berriz kisu­arekin zartatzen aritu gara 8 hilabe­tez. Lehe­nagoko teknika eta materialak ibiliz estiki-estiki moldatu dugu etxea.
Zertan oinarritu zarete XVII. mendeko itxura emateko?
Bilboko pertsona batek lagundu gaitu ainitz, Alberto Santanak. His­torian eta arkitekturan aditua da. He­men harra­patu ditu XVI. mendeko etxearen zati batzuk, zura batzuk, harriak ere bai, gauza franko…
Zein dira XVI. mendeko eta berantago egin ziren base­rrien arteko desberdintasunak?
XVI. mendeko base­rriak irekidura ainitz guttiago izaten zituzten eta zureria diferentak. Zu­rak handiagoak, behere­tik teilaturaino ailegatzen ziren posteak.
Gero XVII. mendean egurrak hasi ziren ttikitzen, etxe honek hale­re baditu zurak animale­koak. Horrelako etxe bat egiteko 500 arbol baino gehiago behar ziren botatu. Hemen gehienak harri pikatuz eginiko paretak dira, gero kisua… egurra, berriz, gaztaina edo haritza bakarrik. Gaurko etxeekin ez dute deus ikusteko.
Hemen erakusten diren tresna zaharrak non lortu dituzue?
Batzuek Lesakan eginarazi ditugu, beste batzuek hemen etxean zeuden… gaurko egunean gauza gutti ditugu egiazki garai hartakoak. XIX. eta XX. mendeko gauza ainitz kendu ditugu, ez baitugu interesik hori erakusteko. Agian sartu­ko ditugu tresna ge­hiago afera au­rre­ra joa­ten baldin bada­.
Dirulaguntzarik izan duzue lan guzi hau egiteko?
Ez, hau familian monta­tua dugu, laguntzarik gabe. Gaurko egunean ez dugu sos bat ere hartu, dena gure sakele­tik eta bankuko kreditu­tik ateri dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun