Euskal Jaiak txapelketako hiru final irabazi zituzten Errekako pilotariek

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 18a

Nafarroako buruz buruko txapelketako partidak jokatuko dira Donezteben larunbat goizean

Erreka elkarteko pilotariek XII. Euskal Jaiak pilota txapelketan parte hartu dute Donostian. Horietako batzuk, joan den larunbatean, irailaren 12ko finaletarako txartelak lortu zituzten. Ez hori bakarrik, jokatu zituzten hiru finalak irabazi zituzten eskualdeko pilotariek. Benjamin mailan, Errekaren izenean aritu ziren Apezetxea goizuetarrak eta Telletxea igantziarrak 18 eta 11 irabazi zieten Billabonako Ugartemendi eta Termori. Kadetetan, Errekako Ibai Juanena eta Mikel Maiak 18 eta 11 irabazi zieten Zendoia eta Zinkunegiri.  Jubeniletan, Errekako Bendoiro eta Oronozek 22 eta 13 irabazi zieten Usurbilgo Mendizabal eta Galarragari.

Errotxapeako txapelketa
Errotxapeako eskuz binakako txapelketan, lehen mailan, Errekako Mitxelena eta Xabi Madariagak 12 eta 22 galdu zuten Oberenako Olangua eta Azanzaren kontra. Bigarren mailan, aldiz, Errekako Oier Bereau eta Ugutz Zelaietak 22 eta 20 galdu zuten Huarteko Garcia eta San Migeleko Lanaren kontra.

Uharteko lau terdiko txapelketa
Uharteko lau terdiko txapelketan, Errekako Oier Bereauk 13 eta 22 galdu zuen Zizurko Iriarteren kontra; Errekako Imanol Baleztenak 22 eta 20 irabazi zion Uharteko Kortabarriari eta Beñat Oronozek ere 22 eta 20 irabazi zion Uharteko Iragiri.
Irailaren 18an, ortziral arratsaldeko 18:00etatik aitzinera ere zenbait partida jokatuko dira. Errekako Unai Madariaga Uharte Arakilgo Lansalot-en kontra; Errekako Joseba Madariaga Irurtzungo Ansotegiren kontra eta Imanol Mitxelenak ere partida izanen du.

Nafarroako txapelketa buruz buru
Jubenil mailako Nafarroako buruz buruko txapelketanko partidak ere jokatu ziren larunbat goizean Donezteben. Errekako bi pilotariren arteko lehian, Mikel Kanpok 18 eta 8 irabazi zion Iker Rojori. Irurtzungo Barberenak 18 eta 9 irabazi zion Errekako Irail Zestauri. Errekako Beñat Oronozek 18 eta 5 irabazi zion Irurtzungo Idoateri eta Errekako Xabier Carrionek 5 eta 18 galdu zuen San Migueleko Unanuaren kontra. Ortzegunean Labriten jokatutako partidan, Errekako Gaizka Bendoirok 18 eta 3 irabazi zion Oberenako Arraizari.
Asteburu honetan, buruz buruko txapelketan, kadete eta jubenil mailako partidak jokatuko dira.
Larunbat goizeko 10:00etatik aitzinera Donezteben honako partida hauek jokatuko dira: Zugarraldeko Tainta Aldabideko Karasatorreren kontra; Errekako Mikel Kanpo Irurtzungo Jakaren kontra; Oberenako Aritz Juanenea eta Etxamendi elkarren kontra ariko dira eta azkenik, Errekako Gaizka Bendoiro Aldabideko Gabirondoren kontra. Irurtzunen Errekako Beñat Oronoz aritzekoa zen Uharteko Minaren kontra, baina hau erretiratu denez, lesakarra zuzenean final laurdenetan izanen da.
Igande goizean Altsasun, Errekako Ibai Juanena Aurrerako Hernandorenaren kontra ariko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun