Kezkagarria den krisialdi garai honetan, Bertiz Turismo Partzuergoak bere bazkideen artean jasotako datuak orain bukatu den goi denboraldia baloratuz ezagutzera eman ditu.
Banaz bertzeko emaitza positiboa da Partzuergoaren ustez, batez ere egonen zen jaitsiera haundiaren susmoarekin alderatuz. Baina Partzuergoaren bazkideen sailaz sail astertuz, emaitzak arras desberdinak agertzen dira.
Aurten gusturago daudenak aktibitate eta zerbitzuen enpresakoak dira, Nafarroako Gobernuaren Turismo Departamentuak martxan paratu duen “Maneras de Vivir” kanpaina dela eta gehien irabazi dutenak beraiek izan baitira. Kanpaina hau, hain zuzen, aktibitateetan deskontuetan oinarritzen da. Ekimen honen inguruan egiten duten balorazioa, beraz, ona da, eskualdean proiektu berrien aldeko apustua egin duten ekintzaileentzat bultakada garrantzitsua izan baita.
Apartamendu eta landetxeen okupazioa uztailean jaitsi bazen ere, abuztuan joan den urteko datuak mantendu zituen. Hala ere, egonaldien iraupena murriztu denez, lan gehiago egin behar izan dute iaz adina fakturatzeko. Ezin da gauza bera erran hotel, kanping eta aterpeei buruz, gehienetan okupazioa jaitsi baita.
Turismo bulegoetatik jende guttiago
Turismo bulegoetatik jende guttiago pasatu da uda honetan. Hau arrazoi desberdinengatik izaten ahal da, adibidez, gero eta informazio gehiago internetetik lortzen dela, baina seguraski, aktibitateetan (abentura parkeak, txirrindulak, zaldiak, ibilbide gidatuak, lezeak, museoak…) parte hartu duten lagun horien zati bat eguneko bisitariak izan direla.
Gure bisitarien jatorri nagusiak Katalunia, Valentzia, Madril, Gipuzkoa eta Bizkaia izaten segitzen dute. Atzerritarrei dagokienez, bisitari guzien %10aren inguruan egoten da, frantsesak gehienak, eta kasu honetan ere, aurten pixka bat jaitsi da.
Partzuergoak antolatu dituen ekitaldien inguruan, nahiz eta bi azkenak burutu gabe izan (Igantziko artzai eguna eta BTT martxa), publikoaren erantzun ona jaso dute, Partzuergoaren lanaren bi helburu lortuz: eskualdea promozionatu eta jendea erakarri eta dagoen bisitariei aktibitateak eskaintzea. Azkenik, Partzuergoak berak diseinatu eta egin dituen bisita gidatuak hagitz erantzuna ona izan dute, kontutan hartuz eskualdeko baliabide erakargarriekin eta bere deskontuekin “lehiatu” behar zutela.