Ez zuen suerterik izan Belgikan Jabier Mariezkurrena kamioi gidariak

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 17a

Mariezkurrenak bezalaxe, Antonio Albaceteren Cepsa taldeak ere ez zuen suerterik izan. TTIPI TTAPA

Doneztebarrak lau karreretatik hirutan proba utzi behar izan zuen

Javier Mariezkurrena Doneztebeko kamioi gidariak eta Ederki tailerreko eskuderiak ez zuten suerterik izan joan den asteburuan Belgikako Zolder hiriko zirkuituan eta parte hartu zuten lau lasterketatik hirutan lasterketa utzi behar izan zuten.
Entrenamendu libreetan hamahirugarren postua eskuratu ondotik, lehenbiziko karrerako bigarren itzulian gibeleko gurpilean kolpatu zuen bertze kamioi batek eta gurpilak haizea galduz joan bazen ere, aitzinera segitu ahal izan zuen. Baina seigarren itzulian, kamioi berak berriz ere leku berean jo eta gurpila lehertu zuen, eta karrera utzi behar izan zuen Mariezkurrenak.
Larunbateko bigarrenean suerte gehiago izan zen. Hogeigarren postuan hasi eta lau itzuliren ondoren hamahirugarren postuan jarri zen Mariezkurrena eta karrera bukaera bitarte gogor borrokatu ondotik, hamargarren postuan akitu zuen, Europako txapelketarako puntu bat gehiago eskuratuz. Beraz, gaizki hasi baina ongi bukatu zen larunbatekoa.

 

Igandean gaizki hasi eta gaizki akitu

Igandean, ordea, gaizki hasitakoa gaizki bukatu zen. Sailkapen proban 13garren izan ondotik, lehen lasterketako zazpigarren itzulian antikongelantearen zorro bat lehertu zen eta likidoa galtzen zuenez, karrera utzi behar izan zuen Mariezkurrenak. Beraz, bigarren karreran berriz ere gibeletik atera behar izan zuen Doneztebeko gidariak. Postuak aitzinera egiten ari zela, gibeleko balezta hautsi zuen. Kamioiak dardara eta ezegonkortasun handia zuenez, lasterketa hau ere utzi behar izan zuen.
Beraz, asteburu kaxkarra izan zen Truck Navarra taldearentzat. Baita, sailkapen buruan dagoen Antonio Albaceteren Cepsa taldearentzat ere. Vrseckyrekin zuen bi puntuko aldea galdu eta orain berdinduak daude Europako txapelketako sailkapen buruan. Mariezkurrena hamahirugarren da. Espainiako Kopan berriz, bigarren da Doneztebeko gidaria, Albaceteren ondotik.

 

Urriaren lehen aste hondarrean Jaraman

Hurrengo karrerak, denboraldiko azkenak, Madrilgo Jaramako zirkuituan izanen dituzte urriko lehen aste hondarrean. Gainera, Truck Navarra Competición taldeak webgunea ere Internet sarean jarri du eta Doneztebeko taldearen inguruko jakingarriak www.trucknavarra.com helbidean begiratu daitezke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun