Kontzientziazio falta edo utzikeria. Bietako bat. Gero eta gehiago kontsumitzen eta birziklatzen bada ere, oraindik ere ez da nahikoa. Eta badirudi jendea oraindik ez dela jabetu hondakinak bereiztearen garrantziaz. Baztanen, erraterako, arazo franko izan dituzte eta dituzte kontu horrekin. Egoerak hobera egin badu ere, herritar aunitzek behar ez den edukiontzietara botatzen du zaborra.
Papera eta kartoia, enbaseak, beirak, pilak, etxeko hondakin bereziak, neurri haundiko trasteak... Toki aunitzetan bezala, Baztanen ere bada horiek birziklatzeko modua, edukiontziak badirelakoz, baina badirudi jendeak ez diola kasu haundiegirik egiten.
Hondakinen bilketa banatua dago Baztanen. Papera eta kartoia, enbaseak, etxeko hondakin bereziak, neurri haundiko trasteak eta pilak Emauseko Traperoek biltzen dituzte; beiraz Ecovidrio enpresa arduratzen da eta organikoen kudeaketa, berriz, baztandar batzuen eskuetan dago. Hain zuzen, horretxek eragin du azken aldian baztandar aunitzen artean eztabaida.
Obra-hondakinak, azienda hilak, papera eta kartoia, enbaseak, botilak... Denetarik ikusi du Aitor Egui elizondarrak zabor organikoen edukiontzietan, «aunitzetan kamioiak trabatzeraino».
Azken urteotan zabor organikoez arduratzen den baztandar horietako bat da Aitor. Zakarrak gaizki bereiztea, «behar ez dena pagatzea» dela dio: «Arangurenen kamioi bakoitza deskargatzea 360 euro gostatzen da, eta hortaz aparte, bidaia gastuak daude». Hortaz, okerreko hondakinekin betetako kamioia ordaintzea alferrik da.
Salaketaren beldur
Zaborren bereizketa hain da gaizki egina, Baztango zabor organikoak biltzen dituzten Arangurengo zabortegitik dagoeneko abisu bat baino gehiago hartu duela Baztango Udalak: «laugarren abisuarekin salaketa paratuko zigutela erran ziguten», azaldu digu Santi Aldako zinegotziak.
Hondakinak ongi bereizita biltzen ez badituzte, Baztandik eramandako zaborrik ez dutela onartuko ere adierazi omen dute zabortegitik. Horrekin batera, tasak igotzeko arriskua ere ikusten du Eguik. «2008an aunitz igo ziren zaborren tasak, baina horrela segituz gero, gehiago igotzeko arriskua ere badago».
Aldakok, bere aldetik, gaizki bereizteagatik Udalak multak paratuko zituela erranez, oharrak ere bidali zituela aipatu digu.
Zaborrontziak elkartuta hobe
Arazoari konponbidea emateko, ordura arte toki diferenteetan zeuden zaborrontziak leku jakin batzuetan denak elkarrekin paratzea izan zen proposatutako irtenbideetako bat. «Nolanahi paratuak ziren, eta jendeari sobera komodidade eman zitzaion», dio Eguik. Eta halaxe egin da herri gehienetan, zaborrontzi guztiak toki berean paratu dira, errazago bereiziko direlakoan, eta jendearen alferkeria saihesteko. Baina ez guztietan. Oraindik ere Almandoz, Gartzain, Arraioz eta Amaiurren lehengo lekuetan segitzen dute zaborrontziek.
Baztango bertze 11 herrietan maiatz eta ekain aldera elkartu zituzten, eta balorazioren bat egiteko oraindik «goizegi» bada ere, «hobetu» dela iruditu zaio Aitor Eguiri: «uda aldera bidaiaren bat guttiago egin da». Fakturazioan beherakada izan dela nabaritu du Aldakok: «birziklatuz gero, ez da horrenbertze betetzen kamioia eta gastu ttikiagoa sortzen da». Gustura dago zinegotzia aldaketarekin: «edukiontzi guztiak toki jakin batean paratuta, arras ongi funtzionatzen du. Lehen jendeak ez zuen birziklatzen, eta orain bai».
Gehiago birziklatzeko itxaropena ere badu Eguik, baina bere hitzetan, «afera berde dago oraindik». Eta Aldakok mezua bidali die herritarrei: «jendeari, faborez, birziklatzeko eskatuko nioke. Zaborrontziak zerbaitegatik daude».
Buruhauste andana
Tokiz aldatzeko neurri honek buruko min bat baino gehiago sortu dizkiela ere aitortu digu Aitorrek: «zalaparta dezente bixtu da, jendeak ez duelako onartu. Niri aunitzek deitu dit baina ez da nire kontua, ni zaborra biltzera baino ez naiz dedikatzen». Aldako ere iduri berekoa da: «jendearen hasierako erreakzioa txarra izan da. Zaborrontziak lehen zeuden tokian utzi izan dituzte zaborrak, 20 metrora dagoen ontzira ez joateagatik». Kexa aunitz egin omen dira Balleko Etxean, eta batez ere, Elizondon: «herri ttikietan hobeki birziklatzen da, eta Elizondon makurrago», dio zinegotziak. Aitorren arabera, «jendeak ez du ulertzen hondakinak bereiztea zeinen garrantzitsua den, edo ez du ulertu nahi».
Konpostajea
Oraingoz ez dago etxean sortzen den zabor organikoarekin konpostajea egiteko intentziorik Baztanen, baina lorategietako hondakinekin konposta egin nahi da, Udalak Iruritan duen lur eremuan.
Santi Aldakok adierazi digunez, «proiektua egina dago». Eguik horren berri eman digu: «lorezain batzuek eurek ateratzen duten hondakinekin konposta egitea proposatu zuten Udaletxean, adar, belar eta abarrekin, eta hala egitea erabaki da». Etxean sortutako zabor organikoa, ordea, Arangurenera eramaten segituko dute. «Horri buruz hitz egin dugu baina denbora beharko dugu», dio Aldakok.
Transferentzia planta donezteben
Jakina denez, Nafarroan egitekoak diren hiru transferentzia planten artean, bat Donezteben eraikiko da. Planta horretan zaborra banatu eta trinkotu eginen da, eta ondotik, Tuterako El Culebrete biometanizazio plantara eraman. Nola funtzionatuko duen ez dago zehaztua, eta horrek ere gure herrietan zabor organikoak biltzen dituztenen artean, kezka sortu du: «Horrela segituko dugu ahal den bitartean», dio Eguik.