«Gure lana ez da toki batera joan, zulatu eta lau panel paratzea»

Amaia eta Ainhoa 2009ko irailaren 29a

«Gure lana ez da toki batera joan, zulatu eta lau panel paratzea» Fermin ETXEKOLONEA

Duela urtebete eskas sortu zen Larrate enpresa, Nafarroa iparraldeko arkeologia bultzatzeko helburuarekin eta uda honetan aurkikutza garrantzitsuak egin ditu Urdazubin eta Aralarren. Orain Berako meategietan ari da. Enpresako bazkideetako bat Nahia Senper beratarra da. Historia ikasketak eginak ditu Gasteizen, eta orain doktoretza tesia egiten ari da Jaengo unibertsitatean. Ttikitatik gustatu zaion mundu honetaz eta egin berri dituzten aurkikuntzen inguruan solastu gara.

Inguruan egin dituzuen indusketa lanen artean, nabarmentzekoak Urdazubiko Azkar gazteluan egindakoak dira...
Bai, Urdazubin gazteluaren perimetroa harrapatu dugu. Bi harresi aurkitu ditugu, bat bertzea baino barrenerago. Hiru zundaketa ere egin ditugu eta Erdi Arokoak eta modernoagoak diren materialak agertu dira.
Zein ondorio atera ditu­zue aurkikuntzekin?
Gaztelua Erdi Aroan sortu zen, baina gerora, gerra batzuetan, Independentzia Gerran, adibidez, berrerabilia izan zen. Hagitz toki estrategikoa da militarki, bista haundiak baititu: Larun, kostaldea...
Udan bi astez ibili zarete Urdazubin, ezta?
Bai, eta ea hurrengo urtean egun gehiago egin eta elementu gehiago aurkitzen ditugun. Argi dago gaztelu bat zegoela, harresiak hor daudelako, baina atea, gelak, dorrea... harrapatzea falta zaigu. Orain, bi panel paratuko ditugu monasterioan, jendeak hor gaztelua zegoe­la jakin dezan.
Orain zer eginen duzue?
Laborategi lana egin behar dugu, Nafarroako Gobernuan eta Urdazubiko Herriko Etxean memoria aurkezteko.
Lan haundia izan da?
Okerrena sasiak kentzea izan da. Bortz egun pasatu genituen garbitzen. Garbia egonez gero, aunitzez ere lan gehiago izanen genuke egina.
Azkar gazteluaren inguruan ez dago informazio aunitzik, ez?
Ez, dokumentazioa urria da. Artxiboko dokumentuei esker badakigu, 1239. urtean Teobaldo I Nafarroako Erregeak gaztelua monasterioaren esku u­tzi zuela. Eta 1244an, Gaskoniako seneskala eta Ingalaterrako Errege Enrike III.aren konfidantzazko gizona zen Nicolas de Meulesen aginduetara zeuden soldaduek gotorleku hau suntsitu zuten. Sorginekin lotutako kondaira bat ere bada. Horren arabera, Josepha de Sokoa sorginak eta bere ahizpek lehenengoaren senargaia gazteluan gil­tzapetu zutenen aurkako mendeku bezala, gaztelua erre zuten.
Beran ere ari zarete...
Bai, Sarraian inguruan. Zilarra ustiatzen zela erran izan da eta zein garaitan ustiatu zen jakin nahi dugu, aunitzetan erromatar garaiko meategiak zirela erran baita.  
Aralarko San Migel santutegian ere aurkikutza garrantzitsuak egin dituzue...
Sei gorpu eta bertze hainbat elementu aurkitu ditu­gu. Hango gizon batek satorrek hezurrak atera­tzen zituztela erran zigun, eta elizaren buru aldean, 2x2 metroko zuloa egin eta lau gorpu aurkitu genituen: hiru pertsona helduenak eta bat haur batena. 1,5x1,5 metroko bertze zulo bat ere egin genuen nekropoliaren zabalera jakiteko eta, espero ez genuena, bertze bi gorpu agertu ziren. Gorpuak bat bertzearengandik hagitz hurbil daude, eta horrrek hilerri haundia dela erran nahi du. Gorpuez gain, txanponak, gerriko baten belarria, zeramika zatiak... topatu ditugu.
Azken aldian toki auni­tzetan ari dira indusketak egiten. Zergatik?
Badirudi sentsibilitate haundiagoa dagoela, baina oraindik ere falta da. Gure lana ez da toki bate­ra joan, zulatu eta lau panel paratzea, eta hori jaki­tea nahi dugu. Sozializazio lana hagitz garrantzi­tsua da guretzat, jendeak gure lana ikustea eta azalpenak aditzea garran­tzitsua da. Gainera, lanean gaudela begira egotea gustatzen zaio jendea­ri, eta udalentzat, berriz, turismoa bultzatzeko bide bat da, diru-iturri bat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun