Gizonezkoen Euskal Herriko Txapelketak aitzinera segitzen du. Dagoeneko kanporaketak jokatuak dira eta horren arabera, hauek izanen dira urriaren 3an Berriozarren jokatuko den maila nagusiko finalerako sailkatuak: Igor eta Aitor Esnaola (Gipuzkoa), Iñaki eta Josetxo Barberena (Nafarroa); Sunbillako Mikel Bertiz eta Arraiozko Xabier Urrutia; Jon Intxaurbe eta Jabi Olibares (Bizkaia), Berako Igor Lasaga eta Etxalarko Xabier Galarregi eta Oier Aizkorbe eta Jose Luis Cano (Nafarroa).
Emakumezkoak
Nafarroako Emakumezkoen Arpana Txapelketak eman du berea. Abuztuaren 30ean jokatu zen Arazurin, eta hiru bikote lehiatu ziren: Lezaungo Itziar Nuñez eta Ana Lopez; Etxalarko Izaskun Ariztegi eta Hondarribiko Nerea Izuzkiza eta Narbarteko Miren Arretxea eta Berroetako Nekane Migeltorena.
Etzanda jarritako 45 ontzako enborrari hamar ebaki egin behar izan zizkioten, eta txapela Lezaunera joan zen: Nuñez eta Lopezentzat izan zen, 8:10:80ko denbora eginez. Izaskun Ariztegi eta Nerea Izuzkiza bigarren gelditu ziren, 8:39:43ko lana egin ondotik eta Miren Arretxea eta Nekane Migeltorena hirugarren. Hauek 9:26:53ko denbora egin zuten.
Bertzalde, aipatu, Euskal Herriko emakumezkoen arpana txapelketan, Miren Arretxea eta Nekane Migeltorena bosgarren izan zirela eta Izaskun Ariztegi eta Nerea Izuzkiza seigarren.