Fernando Etxegaraik irabazi du Euskadiko Txokor-Biltze Txapelketa

TTIPI TTAPA 2009ko irailaren 15a

Fernando Etxegaraik irabazi du Euskadiko Txokor-Biltze Txapelketa TTIPI TTAPA

Euskadiko bere seigarren txapela jantzi du beratarrak

Txokor biltzen ere bikain moldatzen da Fernando Etxegarai beratarra. Ez du parekorik azken urteotan. Izan ere,  aurten ere beretzat izan da Euskadiko Txokor-Biltze Txapelketa. Irailaren 6an jokatu zen finala Leitzan, eta Etxegaraik 11 segundoko aldea atera zion Eneko Garmendia txapeldunordeari, eta horrekin, bere seigarren txapela jantzi zuen. Hala ere, joan den urtean egindako marka ez du hobetu, Leitzako saioan, segundo bat gehiago behar izan baitzuen lanak amaitzeko.
Parte hartu zutenen artean, eskualdeko bertze kirolari batek ere parte hartu zuen: Andoni Lasaga etxalartarrak, hain zuzen. Lasaga laugarren izan zen sailkapen nagusian.
Gainerakoan, honela gelditu zen sailkapena: Fernando Etxegarai txapeldun (06:19); Eneko Garmendia (Baliarrain, Gipuzkoa) bigarren (06:30); Alfonso Alvarez de Eulate (Araba) hirugarren (06:38); Andoni Lasaga laugarren (06:53); Jon Larrañaga (Mendaro, Gipuzkoa) bosgarren (06:59) eta Alberto Ibañez (Araba) seigarren (07:16).

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun