Jon Rekondo leitzarra lehenengo aldiz Bigarren Mailako Euskadiko txapeldun

TTIPI TTAPA 2009ko irailaren 15a

Jon Rekondo leitzarra lehenengo aldiz Bigarren Mailako Euskadiko txapeldun TTIPI TTAPA

Azken zazpi urteotako laugarren denborarik onena egin du

Leitzan da aurtengo Bigarren Mailako Euskadiko aizkolarien txapela. Jon Rekondo 24 urteko gaztearena da. Irailaren 6an Zestoan (Gipuzkoa) jokatu zen finala, eta itxura ona emanez, minutu eta 16 segundoko aldea atera zion Aitzol Atutxa azpitxapeldunari. Lan txukuna eginda, Rekondo eta Atutxa Euskadiko Maila Nagusian ariko dira hurrengo denboraldian.

Sei aizkolari aurrez aurre

Rekondo eta Atutxarekin (Dima, Bizkaia) batera, bertze lau aizkolari hauek aritu ziren lehian II. Mailako finalean: Manuel Kañamares (Arostegi, Nafarroa), Fausto Mugertza (Mutriku, Gipuzkoa), Joxemari Telletxea (Oiartzun, Gipuzkoa) eta Joxe Ugarteburu (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa). Seina enbor ebaki behar izan zituzten: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko, Maila Nagusiko finalean egiten denaren erdia, hain zuzen.
Lanak 21:15ean akitu zituen Rekondok, 22:31n Atutxak, eta 22:33an hirugarren sailkatu zen Joxe Ugarteburuk. Sailkapenean, Mugertza izan zen laugarren, eta Joxemari Telletxea eta Manuel Kaña­mares bosgarren eta seigarren, hurrenez hurren.

Rekondoren Ibilbidea

Jon Rekondo txapeldunordea izan zen 2003ko Gazte Mailako Txapelketan, eta geroztik, III. Mailatik II. Mailara igo, eta joan den urtean jokatu zuen lehenbiziko aldiz II. Mailako finala. Bosgarren sailkatu zen orduan. 2006 eta 2007ko kanporaketetan, berriz, zortzigarren eta bederatzigarren postuan gelditu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun