Bertze urte batez, ‘artzain amerikanoen’ omenez, besta eginen da igande honetan, irailak 20, Auritzen. Ibañetako artzain irrintzia izenarekin antolatu dute aurtengo elkarretaratzea, eta 500 artzain eta senitarteko espero dituzte antolatzaileek. Auritzeko Udalak antolatu du ospakizuna, bertzeak bertze, Udabilde, Artzain Mundua eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.
EGITARAUA
•10:00: harrera.
•10:30 meza, Orreaga eta Aurizberriko abesbatzekin.
•11:30: Luzaideko dantzariak eta bertsolariak.
•12:30: antzerkia.
•13:30: bazkaria, musika eta zozketak.
•Kultur Etxean argazki erakusketa bat izanen da ikusgai.
Aipatu, bazkarirako txartelak hartzeko epea irailaren 11n akitu zela.
2006an lehen aldiz
2006an hasi ziren egun hau antolatzen Nafarroan, eta Lesaka aukeratu zuten horretarako. 2007an Alduden egin zen eta iaz Elizondon. Aurten, bere garaian Ameriketara jo zuten pirinioetako artzainak gogoratuko dituzte, eta Auritzen egin dute hitzordua.
Ohi bezala, hildakoak izanen dira gogoan, eta bereziki, Jesus Goldaraz Doneztebe, Legasa, Elgorriaga eta Narbarteko apeza izandakoa, hasieratik ekimen honen bultzatzaile izan zena. Horrez gain, artzain joandakoen senitartekoei ere toki berezia eskainiko zaie, batez ere emakumezkoei, eta horregatik egin da Nevadara joan nintzen emakumeak bakarrik utzita antzerkia.