Berako Gure Txokoa water-polo taldea txapeldunorde Nafarroako Kirol Jokoetan

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 15a

Zortzi domina eskuratu dituzte, urre eta brontzeko bina eta zilarrezko lau

Berako Gure Txokoa elkarteko water-polo taldeak emaitza bikaina eskuratu zuen Nafarroako XIII. Kirol Jokoetan, azpitxapeldun izatea lortu baitzuen irailaren 9an Iruñeko Gelbentzu igerilekuan jokatutako txapelketan. Lehenda­bi­ziko fasean, lehen partidua bina berdindu egin zuen Larrainaren aurka, baina bertze biak irabazi egin zituen (3-1 Lagunaken kontra eta 5-0 Ebroko Mankomu­ni­tatearen kontra). Bere multzoan bigarrena izan ondotik, finalerdian bertze multzoko txapeldunaren kontra jokatu zuen, Club Natación Pam­plonaren kontra, eta ustekabean 4-2 irabaztea lortu zuten Gure Txokoakoek. Finalean, berriz ere Larrainaren kontra jokatzea egokitu zitzaien, baina oraingoan 3-0 galdu zuten beratarrek. Halere, Aritz Perez entrenatzailea pozik ageri zen lortutako emaitzarekin. «Kontuan hartu behar da talde gehienek neguan ere entrenatzeko modua izaten dutela eta gu, aldiz, udan bakarrik aritzen gara. Ez genuen inola ere finalera ailegatzea espero». Ane Bergara, Jon de la Cruz, Xabi Altzuri, Ander Ro­dri­guez, Unai Rodri­guez, Isabel Etxebeste, Mi­kel Morcillo, Maita­ne Erdozain, Jokin Ian­tzi eta Gaizka Martiko­renak osatu zuten Gure Txokoaren taldea.
Water-polo txapelketa baino astebete lehenago, irailaren 2an, Baztan-Bidasoa-Lei­tzaldeko selekzioak igeriketa txapelketan parte hartu zuen eta domina uzta ederra ekarri zuen Iruñetik: urrezko bi, zilarrezko lau eta brontzezko bat.

Urrezko eta brontzezko bina domina, zilarrezko lau
Alebinetan, mutilen artean, 25 metrotan tximeleta erara bigarren izan zen Unai Rodri­guez. 25 metrotan, baina crowl erara, Mikel Morcillok lehendabiziko postua lortu zuen. 50 metrotan, crowl erara, Unai Rodriguezek lortu zuen urrezko domina. Azkenik, erreleboka egindako 4x25 metro estiloetan eta 4x25 metro libreetan zilarrezko bi domina lortu zuen alebin mailan Mikel Morcillo, Unai Rodriguez, Amaia de la Cruz eta Intz Iriartek osatutako taldeak.
Infantiletan ere izan zen dominarik. Bakar­ka, Eneritz Zabaletak lortu zituen: 50 metrotan, crowl erara, hirugarren izan zen eta 50 metrotan, braza erara, bigarren. Taldeka, 4x50 estiloetan hirugarrenak izan ziren Eneritz Zaba­leta, Maitane Gereño, Jokin Iantzi eta Isabel Etxebeste. 4x50 metro libreetan, berriz, bosgarrenak izan ziren eskualdeko infantilak.
Uda honetan izandako gorabeherak kontuan hartuz, emaitza onak izan direla uste du Haritz Perezek: «Igeri­keta Federazioak ez du herrietako txapelketak antolatzeko laguntzarik eman eta honela, Baz­ta­nen eta Lesakan, adibidez, jokatu gabe gelditu dira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun