Txitxiloko errekatik ura hartzeko lehen pausua eman du Gobernuak

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 15a

Ituren, Elgorriaga, Doneztebe eta Sunbilla hornituko ditu

Jakina denez, Ituren, Elgorriaga, Doneztebe eta Sunbillara ura eramateko Txitxiloko errekatik hartzeko asmoa du Nafarroako Gobernuak. Proiektu horrek ukitzen dituen lurren jabetza kentzeko Foru Dekretua onartu du Nafarroako Gobernuak, lau herri hauek urez hornitzeko «lan hauek garrantzi handikoak eta lehenbailehen egin beharrekoak direlakoz». Erre­ka­tik Aurtitzera kanala eginen da eta handik Iturengo ur-depositora bideratuko dira. Hortik Elgorriaga, Doneztebe eta trenabidean barna, Sun­billara ailegatuko da Txitxiloko ur garbia.
Zubietako bizilagunek ez dute begi onez ikusi proiektu hau gauzatzeko modua, batez ere, erreka Zubietako lurretan egonik, ez baita beraien iritzia kontuan hartu. Txitxilo da eskualde honetan hobekien mantentzen den inguruetako bat eta gizakiak ez du kasik ukitu ere egin, orain arte.
Iñauterietan, pankarta batzuk jarri zituzten zubietarrek, beraien ezinegona adieraziz. Zubietako Udalak, bertze lau udalei biltzeko deialdia luzatu die bi aldiz, baina Iturengo ordezkariak bakarrik eman dute baiezkoa.
Zubietako Udalaren eta Nafarroako Gober­nu­ko ordezkarien artean bilera egin zen joan den astean eta nahiko gustora atera omen ziren zubietarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun