Urtero bezala, urriaren hirugarren igandean ospatuko da Usategietako igandea. Goizeko ekitaldirik prestaturik ez badago ere, usategiak bisitatzeko aukera izanen du edozeinek. Arratsaldez berriz, 5etan Baztango dantza taldeak ordu beteko saioa eskainiko du. 6’30etan dantzaldia hasiko da Alaitz eta Maider taldearen eskutik. 10ak arte jotzen egonen den talde honen atsedenaldian eginen da urteroko zozketa. Ohitura den bezala, sari nagusia 12 usokoa izanen da. Bigarren, hirugarren eta laugarren sariak herriko bestetan egindako egurrezko lanak izanen dira; abuztuaren 17an motozerra erakustaldian egindako orgatxoa, lorontzia eta bi aulki jasoko dituzten irabazleek. Egunean zehar lortutako dirua joan den urtean ttipi-ttapa telebistarentzat izan bazen ere, aurten Etxalarko Andra Mari dantza taldeari eskainiko zaio.