Bortziriak eta Malerrekako eskualdeak bisitatu zituen Cervera Osasun kontseilariak

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 15a

Udal agintariek ginekologia eta errehabilitazio zerbitzuak ekartzea eskatu dute

Bortziriak eta Male­rrekako Osasun Zentro eta kontsulten egoera orokorrean ona dela azpimarratu zuen Santiago Cervera Nafarroako Go­bernuko Osasun kontseilariak, bi zonalde hauetara egindako bisitan. Dena den, Lesakako Osasun Zentroa handitzea edo moldatzea aztertu beharreko gaia dela azpimarratu zuen kontseilariak «gaur egun dituen instalazioak gordetzeko ttiki xamarra gelditu baita».

Garbitasun arazoak kontsulta batzuetan
Bertze kontsulta batzuetan arazo larriak somatu dira, batez ere garbitasunari dagokionez. Igantzi eta Arantzan egun guttitan garbitzen dira kontsultak. Sunbi­llan hezetasun arazoak dituzte eta Eratsunen zola zurez egina dago, gisa horretako osasun zentroetarako gomendatzen diren garbiketa eta desinfekzio lanak oztopatuz. Hortaz, zola berdindu eta material ez porotsuaz estali beharko litzateke. Dena den, Bortziriak eta Male­rre­kako kontsulta ge­hie­netan badira hobetu daitezkeen alderdiak. Osa­sun kontseilariak emandako datuen arabera, Etxalar eta Berako kontsultek Bortzirietan eta Beintza-Labaien, El­go­rria­ga eta Urrozkoek Ma­lerrekan badituzte ka­litatezko instalazioak eta ez dute berehalako eskuhartzerik behar.
Ginekologia eta errehabilitazio zerbitzuak
Alkateek, espezializatutako zerbitzuak inguru honetara ekartzearen premia azaldu zioten Osasun kontseilariari, batez ere ginekologia eta errehabilitazio zerbitzuak. Osasun langileen euskalduntzeari buruzko kezka ere azaldu zuten udal agintariek. Santiago Cerverak eskari hauek aztertuko zituela adierazi zuen. Dena den, ginekologia  zerbitzua eskualde haue­tan ez badago ere, Baz­tanera hurbiltzea lortu dela azpimarratu zuen. Euskalduntzeari dagokionez, horretarako Nafarroan dagoen aurrekontua nahikoa dela erran zuen, «baina lehentasuna eman beharko diogu eskualde honi, ez baitago mediku eta erizain euskaldunen premia berdina hemen eta Tuteran».
Udaletxe, osasun langile eta elkarte ezberdinak biltzen dituen Osasun Kontseiluaren fun­tzionamendua Bor­tzi­rietan eta Male­rre­kan arras ezberdina dela baiez­tatu zuen Cerve­rak. «Doneztebekoa hiru hilabetetik behin biltzen den bitartean, Le­sa­kakoa 1995tik ez da bildu. Hori ez da ez ona ezta txarra ere, baina zergatik gertatzen den aztertu nahi dugu». Inguru honetako eriak eta zaurituak Irungo Ospitalera eramaten badira ere, «errepide eta tunel berriei esker, pixkanaka Iruña aldera bideratzea espero dugu» zioen kontseilariak. Bertzeak bertze, horretarako jarri omen da egun osoko anbulantzia zerbitzua Lesa­kan, urteko 80 milioi pezetako aurrekontuarekin.
Orokorrean, osasun arloan Bortziriak eta Malerrekako datuak Nafarroako banazbertzekoaren gisakoak badira ere, kontseilariarendako daturik kezkagarriena errepide istri­pu­en kopurua da, dexente handia baita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun