Ttikiri esker, bere hamargarren txapela etxean du Antonio Alustiza aresoarrak. Abuztuaren 30ean Nafarroako Artzain Txakur Txapelketaren 42. edizioa jokatu zen Uharte Arakilen, eta seigarren urtez segidan, Aresora joan zen txapela. Antonio Alustizak eskuratu zuen, Ttiki txakurrarekin. Txapelaz gain, trofeoa eta 200 euro jaso zituen.
1993an eskuratu zuen Alustizak bere lehen garaipena, Argi txakurrarekin. 1996an ere txapeldun izan zen, baina orduan Jairekin. 2000 eta 2001ean ere, irabazle izan zenean, Jai izan zuen ondoan. 2004an eta 2005ean, berriz, Argirekin jantzi zuen txapela eta 2006az geroztik, Ttiki du ondoan. Hamar garaipen, beraz, eta horietatik lau Ttiki oraingo txakurrarekin eskuratutakoak.
Bigarren eta hirugarren postuak Baztanera
Bigarren eta hirugarren postuak ere eskualdean gelditu ziren: Baztanen. Joxe Mari Istilart amaiurtarrarentzat izan ziren, Lagun eta Xarpa txakurrekin lortu zituen bi postu horiek. Postu horiekin trofeoak eta 145 euro eta 115 euro hartu zituen.
Zortzi artzain eta hamar txakur
Zortzi artzain eta hamar txakurrek parte hartu zuten Uharte Arakilgo lehian, eta gehienak ingurukoak: Antonio Alustiza aresoarra, Joxe Mari Istilart amaiurtarra –bi txakurrekin–, Pedro Ansa aranoarra, Josetxo Villabona leitzarra, eta Oronoz-Mugairiko Jorge Oteiza –bi txakurrekin–.
SAILKAPENA
1 Antonio Alustiza eta Ttiki (Areso)
2 Joxe Mari Istilart eta Lagun (Amaiur)
3. Joxe Mari Istilart eta Xarpa (Amaiur)
4. Jesus Razkin eta Hiru (Etxarri Aranatz)
5. Pedro Ansa eta Alai (Arano)
6. Josetxo Villabona eta Argi (Leitza)
7. Antonio Uharte eta Lagun (Uharte-Arakil)
8. Jorge Oteiza eta Azeri (Oronoz-Mugairi)
9. Jorge Oteiza eta Amets (Oronoz-Mugairi)
10. Jabier Fernandez eta Luna (Campanas)