Eneko Zestau eta Jon Abril Berako Euskara Batzordeko kideei elkartasun adierazpena

ttipi-ttapa 2009ko ira. 15a, 11:36

Jakina denez, Eneko Zestau eta Jon Abril Berako Euskara Batzordeko kideak dira eta, era berean, Jon Abril Olaetxea Aholkularitza Batzordeko kidea. Beren eginkizunak zintzoki bete dituzte biek eta lan eskerga egin dute euskararen normalizazioaren alde.
Eneko Zestau Espainiako Poliziak atxilotu zuen eta 3 egun inkomunikaturik egon ondotik Entzutegi Nazionalaren Epailearen aitzinean tortura eta tratu txarrak salatu zituen. Harrezkero preso dago talde armatuari laguntza ematearen akusaziopean, eta froga gehiago bilatu bitartean.
Jon Abril Olaetxea kazetariari Entzutegi Nazionalak talde armatuarekin kolaboratzea leporatu dio soilik bere lan informatiboa egiteagatik eta 5.000.000 pezetako fidantza ezarri. Ordaindu ondotik baldintzapeko askatasunean dago.
Honen bitartez Berako Euskara Batzordeko kideok Eneko Zestau eta Jon Abrilen errugabetasun-presuntzioa aldarrikatu eta Auzitegi Nazionalak hartutako erabakiak arbuiatu nahi ditugu. Horretaz gain, Eneko Zestauri eta Jon Abrili gure elkartasuna adierazi nahi diegu, bai zuzenki jakinaraziz eta bai prentsa bidez publiko eginez.

Arantzan,
2000ko irailaren 13an
Berako Euskara Batzordea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun