Baztan, Bertizarana, Bortziriak eta Malerreka aldeko alkate gehienak Nafarroako Gobernuko lehendakari eta kontseilariekin bildu ziren Bertizko Jauregian irailaren 18an. Aitzinetik, alkateak elkarrekin egon ziren, eskualdeak dituen premia larrienen inguruan solastu eta eskariak bateratzeko. Lesaka eta Behobia artean N-121-A errepidearen moldaketa eta zaborrak Gongorako zabortegira eramateko egin beharreko lanen eta garraioaren finantziaketa izan ziren alkateek azaldutako kezka nagusiak. Udal agintari guziak baikor azaldu ziren bilera akautzerakoan, baina Mari Jose Larraioz Urrozko alkatesak erran zuen bezala, «orain emaitzak heldu diren ikusi beharko dugu».
Bilera garrantzitsua zen eta inguruko alkate gehienak bertan ziren: Bertizaranako Andres Etxenike eta Oieregiko kontzejuko lehendakaria, Jose Mari Galarregi; Urdazubiko Andres Diharasarri; Malerrekatik, Urrozko Mari Jose Larraiotz Oizko Alberto San Miguel, Iturengo Jose Mari Gorosterrazu, Saldiasko Pedro Urrutia, Sunbillako Jose Mari Hernandorena, Doneztebeko Miguel San Miguel, Beintza-Labaiengo Javier Bertiz, Ezkurrako Martin Gastearena eta Elgorriagako Jose Miguel Galarregi; Bortzirietatik, Berako Josu Goia, Lesakako Jose Luis Etxegarai, Arantzako Jose Ramon Amoros eta Etxalarko Miguel Mari Irigoien eta Baztango Patxi Oiartzabal.
Nafarroako Gobernuko ordezkaritza ere zabala izan zen eta Miguel Sanz presidentearekin batera ia kontseilari guziak agertu ziren Bertizera (Rafael Gurrea lehendakariordea eta Gizarte Ongizateko Calixto Ayesa bakarrik falta ziren).
Eskualdeko errepideen egoera eta batez ere Bera eta Behobia arteko tartea N-121-A errepidean izan zen solasgai nagusietako bat. Nafarroako Gobernuak Bera-Endarlatsa tartea heldu den urtean moldatzeko asmoa du, baina aitzinetik Endarlatsa-Behobia zatiari zein aterabide eman behar zaion jakin nahi du.
Horretaz gain, eskualdeko zaborrak Iruñaldera eramanen direla baieztatu zen bileran. «Zaborra gauez bilduko da, Legasako plantara eraman,banatu eta eguerdirako Gongoran izanen dira hondakinak» dio Miguel San Miguel Doneztebeko alkateak. Eskualdeko baserri aunitzek legalizatzeko eta, honenbertzez, Europako dirulaguntzak jasotzeko dituzten arazoak aztertu ziren.
Euskararen erabilera zuzena bide seinaletan
Jose Ramon Amoros, Bortzirietako Euskara Mankomunidadeko lehendakariak «eremu euskaldunean euskararen erabilera errespetatzea eta bide seinaletan dauden okerrak zuzentzea» eskatu zuen. Jose Miguel Galarregi Elgorriagako alkateak Bertizko Jauregiari erabilera gehiago ematea proposatu zuen. Lesakatik Oiartzunerako errepidea moldatzeko eskaria ere egin zuen Jose Luis Etxegarai Lesakako alkateak.
N-121 ERREPIDEA. Endarlatsa-Behobia tartearen moldaketa airean dago oraindik
Soka luzea duen afera da N-121-A errepidearen moldaketarena, batez ere Lesakatik Behobiara doan tartearena. Egia da, Miguel Sanz presidenteak gogoratu zuen bezala, Belateko zuloak egin zituztenetik 14.000 milioi pezeta inbertitu direla errepide honetan, baina era berean begibistakoa da Bortzirietara ailegatzean sortzen den botila-lepoa. Heldu den urtean, Bera-Endarlatsa arteko lau kilometroak egiteko asmoa du Nafarroako Gobernuak, baina aitzinetik Endarlatsa eta Behobia arteko zatia ere moldatuko dela segurtatu nahi du eta hori airean dago oraindik. «Bera eta Endarlatsako zatia egiteak ez du zentzurik, gero Behobia bitarte segidarik ez badu. Gainera, Nafarroan dagoen zatia da moldatzeko garestiena, gehiena harria baita» diote Nafarroako Gobernuko Herrilan Departamendutik. Jakina denez, Endarlatsa eta Behobia arteko errepide zati hori Gipuzkoan egon arren, Nafarroako Gobernuarena da eta hor sortzen da iskanbila. Gipuzkoako Diputazioak berea ez den errepiderik ez duela moldatuko dio. Nafarroako Gobernuak, lana erdibana egitea eskatzen du. Gainera, Nafarroako Gobernuaren ustez, kilometro bakoitzeko 800 milioi pezetako inbertsioa beharko den bitartean, gipuzkoarren ustez, kilometroko 200 milioi aski dira errepidea ongi uzteko. «Nafarroako proiektuan, errepidearen %73a hiru karrilekoa da eta gainerakoa, Behobiako Zaisa industrialde inguruan, lau karrilekoa. Gipuzkoarrena proiektu xumeagoa da» dio Jose Luis Etxegarai, Lesakako alkateak.
Kontuak kontu, 1997ko abenduaz geroztik ez dira bildu bi administrazioetako agintariak. Jose Luis Etxegarai Lesakako alkateak adierazi duenez, Antton Jaime, Gipuzkoako Diputazioko errepideetako arduradunak biltzeko gogoa adierazi dio. Palacios, Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabideetako arduraduna ere biltzeko prest dago. Duela hiru urte bezalaxe, Bortzirietako alkateei zubi lana egitea egokituko zaie, bi administrazioen arteko harremanak hagitz hotzak baitira. «Bilera hori lehenbailehen egitea probokatu behar dugu, ea denon artean behingoz soluzioa bilatzen diogun arazo larri honi» dio Etxegaraik.
ZABORRA GONGORARA. Legasako zentruan banatu ondotik Iruñaldera eramanen da
Baztan-Bidasoaldeko hiri-hondakinak edo zaborrak Gongorako zabortegira eramanen direla segurtatu zuen Bertizko bileran Miguel San Miguel Doneztebeko alkateak. Horretarako, lehenik Legasan transferentzia zentrua eginen da. Bertan hondakinak bortz zatitan banatuko dira: zaborra, tamaina handiko hondakinak, papera-kartoia, tetra-brik eta lata ontziak, eta pilak. Banatu ondotik, bilketaren egun berean Iruña aldera eraman nahi dira hondakinak. Doneztebeko alkateak aipatu digunez, «4.000 metro koadroko lur-eremua Aceraliari erosiko diogu Legasan, metroa mila durotan. Dagoeneko aurreproiektua idatzia dago. Gero, proiektua idaztea gelditzen zaigu eta lanak Hirurteko Plangintzaren bitartez finantziatzea. 140 eta 150 milioi pezetaren arteko aurrekontua izanen du Legasako plantak». San Miguelek adierazitakoaren arabera, zaborra Iruñera eramatearen gastua finantziatzeko modua aurkitzea falta da orain. Azkenik, Beintza-Labaienen (argazkian) eta Baztanen zaborra errausteko labeak ixteko proiektua egitea ere eskatu zaio Nafarroako Gobernuari.
ABELTZAINEI DIRULAGUNTZAK. Berrehun baserrik ez dute Europako subentzioa jasotzeko aukerarik
Abeltzain jarduera oraindik legalizatu gabe duten baserritarren egoera azaldu zuen Patxi Oiartzabal Baztango alkateak. «Europako dirulaguntza jasotzeko, irekitze lizentzia edo jarduera lizentzia eskatzen diete, eta ez dute. Kasu horretan ez dute dirulaguntza eskatzeko aukerarik». Afera eskualde osoko baserrietan gertatzen da, baina larriagoa da Baztanen, bertan baitaude baserritik bizi diren gehienak. Izan ere, Oiartzabalen erranetan, berrehunetik goiti dira egoera horretan dauden Baztango baserriak.
EHNE sindikatuko Bittoriano Jauregik erran digunez, legalizazioaren afera 1986ko abuztuan hasi zen, duela hamabortz urte. Orduan nahiko errexa zen lizentzia eskuratzea, baina jendeak ez zuen egin. Legalizatzeko arazo gehienak dituztenak, herri edo auzoen barrenean dauden baserriak dira. Hauek herriguneko etxeak kontsideratuak dira eta gorotzaren depositoak gunetik gutienez ehun metrora eraiki behar dituzte, lizentzia eskuratzeko. Herri edo auzoetatik aparte dauden baserrietan, biltegia etxe ondoan egiten ahal da.
Esne-behiak dituzten baserriak heldu den urteko abuztua bitarte legalak izanen dira. Gero, bi urteko epea izanen dute lizentzia eskuratzeko, baina horretarako milioi bat pezetako abala eskatzen diete. Horrek abeltzain aunitz gibelera bota ditu, diru hori ez itzultzeko arriskua ikusten baitute.
Baztango alkateak, afera moldatzeko Nafarroako Gobernuko Ingurugiro eta Nekazaritza eta Abeltzaintza departamenduetako ordezkariekin biltzeko asmoa azaldu du.