* Mikel Bezunartea Iratxe Kontsumitzaile Elkarteko arduraduna da. Hamabostean behin etortzen da Baztan eta Leitzako bulegoetara, azkeneko bospasei urteetan.
* Urteko lehen sei hilabetetan 110 kexa aztertu ditu Baztanen eta 65 Leitzan. Iruritan, bigarren eta laugarren asteartetan izaten da, 10etatik 1etara eta Leitzan bigarren eta laugarren ortzegunetan, ordutegi berean.
* Etxebizitzari lotutako aferak dira gehien aztertzen dituztenak (erosketa, errenta, komunidadeko arazoak…), baita komertzioa ere (garantiak, merkealdiak, itzulpenak…).
Zein da Iratxe Kontsumitzaile Elkartearen lana?
Gehienbat kontsumitzaileen kexak atenditzen ditugu. Normalean, zerbait gertatu ondotik etortzen den jendea. Modu berean, gero eta informazio gehiago ematen dugu aitzinetik, jendea pixkanaka kontzientzia hartzen ari delako, edozer gauza erosi eta kontratatu baino lehen informazioa jaso behar duela. Alde horretatik arras kontent gaude. Inguruko komunikabideetan ere kolaborazioak egiten ditugu, ikastaroak, solasaldiak…
Nola ordaintzen da zerbitzu hau?
Iratxe Kontsumitzaile elkartera hurbiltzen direnentzat dohaineko zerbitzua da, Udalek ordaintzen baitute. Dena den, Nafarroako Gobernuak dirulaguntza bat ematen die Udalei, erdia ordainduz.
Baztan eta Leitzara bai, baina Bortziriak eta Malerrekara ez zarete ailegatu oraindik. Zergatik?
Aurten egin dugu proposamena Bidasoaldera hurbiltzeko. Bortzirietako Mankomunidadeak nahiko aitzindua zuen proiektua Etxalarrera eramateko eta baiezkoa eman zigun, baina hondarrean, aurrekontu handi xamarra zela eta, ezetz erran digute eta heldu den urtean ikusiko dutela. Dena den, bada Bortziriak eta Malerrekako jende aunitz Baztango bulegora joaten dena.
Zein gaien inguruan azaltzen ditu jendeak kexa gehien?
Etxebizitzaren inguruko aferak dira gehien galdetzen direnak (erosketa, errentak, komunidadeko arazoak…), gero komertzioa (garantiak, merkealdiak, itzulpenak…), etxez etxeko zerbitzuak (iturginak, zurginak, pintoreak…), aseguruak… Baina, erosi edo kontratatzen den edozer gauza kontsumoa da, beraz, arlo guzietan bada kexa eta zalantzarik.
Inguru hauetako kontsumitzaileak ongi informatuak daudela uste duzu?
Kontsumoa azken urteotan aunitz aldatu dela uste dut. Jendeak ez daki ongi kontsumitzen, geroz eta gauza gehiago kontsumitzen dugulako. Jendeak informazioa behar du eta horretaz kontzientzia hartzen ari da. Baztanen pisua erosi behar duten gazteak informazio eske guregana hurbiltzen ikustea polita da neretako. Kontsumoaren afera arras zabala da. Beti diruarekin kezkatzen gara, baina kontsumoarekin lotua daude ingurugiroa, gizarte harremanak… dirua bezain garrantzitsuak direnak. Alde horretatik kontzientziazio lan handia gelditzen zaigu.