Zazpi Herrialdeetako Herri Kirol txapelketa seigarren aldiz segidan irabazi du Nafarroa Garaiak

TTIPI TTAPA 2009ko irailaren 15a

Zazpi Herrialdeetako Herri Kirol txapelketa seigarren aldiz segidan irabazi du Nafarroa Garaiak TTIPI TTAPA

Larunbat arratsaldean Donezteben lau garaipen eta bortz bigarren postu lortu zituzten nafarrek

Nafarroa Garaiak irabazi du seigarren urtez segidan Zazpi Herrialdeen arteko herri kirol txapelketa, Euskal Herrian jokatzen den herri kirol txapelketarik handiena. Doneztebeko Bear Zana pilota plazan larunbat arratsaldean jokatu zen saioan lau kiroletan lortu zuen lehen postua: lasto altxatzen lehia estua izan zuten Karlos Sein igantziarrak, Joxemari Atutxa bizkaitarrak eta Andde Arbenoiz urruñarrak, Lapurdiko ordezkariak. Hogeina altxaldi eman zituzten, baina hurrengoa altxatzen igantziarra ibili zen bizkorren. 2 zentesima eskas atera zizkion aurten Euskal Herriko txapeldun izan den bizkaitarrari eta segundu erdi pasaxea lapurtarrari. Beraz, 7 puntuak Nafarroarentzat. Arpanan ere 7 puntu eskuratu zituen Nafarroak, eta hemen ere Euskal Herriko txapeldun izan diren Aitor Esnaola eta Igor Esnaola legorretarrak gainditu zituzten Iñaki Barberena eta Josetxo Barberena ultzamarrek, 6 segundurengatik. Aizkoran Floren Nazabalek ez zuen hutsik egin eta garaipena eman zion Nafarroari eta beharbada ezusterik handiena sokatiran eman zuen Amaiurrek, Euskadiko txapel guziak irabazi dituen Abadiño menperatuta. Bikain!

 

Bortz kiroletan bigarren

Bertze bost kiroletan bigarren izan zen Nafarroa. Koxkor biltzen garaipena espero zen Euskal Herriko azken sei txapelketak irabazi dituen Fernando Etxegarairekin, baina beratarra mendean hartu zuen Baliarraingo Eneko Garmendiak. Txinga eramaten ere bigarren izan zen Mielanjel Sukuntza leitzarra, Debako Juanjoxe Agirregabiriaren gibeletik. Zaku eramate lasterketan nafarrak izan ziren bizkorrenak, baina 3 segunduko penalizazioa jaso zuten eta Lapurdik lortu zituen 7 puntuak eta Nafarroak 6.
Harri jasotzen, espero bezala Aimar Irigoien errezildarra nagusitu zen, baina Unai Bertiz sunbildarrak 6 puntu garrantzitsu eman zizkion Nafarroari; ingude altxatzen ere, Joakin Aioroa iturendarra bikain ibili zen eta 94 jasoaldi eman zituen, garaile suertatu zen Joxe Lapazaran bizkaitarrak bezalaxe.
Emaitzarik kaxkarrena orga jokoan eskuratu zuen Nafarroak, Carlos Esparza iruñearrak bi iltzuli bakarrik eman baitzituen.

 

Nafarroak 60 puntu, Gipuzkoak 55, Bizkaiak 50

Dena den, azkenean Nafarroak irabazi zuen Euskal Herriko Zazpi Herrialdeen Herri Kirol txapelketa, 60 punturekin; bigarren Gipuzkoa izan zen (55 puntu); hirugarren Bizkaia (50 puntu); Lapurdi laugarren (44 puntu); Araba bosgarren (23 puntu); Behe Nafarroa seigarren (20 puntu) eta Zuberoa zazpigarren (13 puntu).
Nafarroak 2002an irabazi zuen lehen aldiz txapelketa hau, Beran eta 2004tik 2009ra sei txapelak segidan eskuratu ditu.  Sari banaketan, zazpi herrialdeetako federazioetako ordezkariak eta Miguel San Miguel Doneztebeko alkatea izan ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun