Baztan eta Malerrekako pilotari gazteak biltzen dituen Txaruta pilota elkarteak Euskal Herriko herriarteko pilota txapelketaren finala irabazi zuen San Migel egunean Bergaran, Arabako Donemiliaga (San Millán) taldearen aurka. Jakina denez, Txarutakoek Nafarroako Herriarteko txapelketaren finala irabazi zioten Lizarrari. Honela, Euskal Herriko txapelketari ekin zioten eta finalerdian, Gipuzkoako Hernani kanporatu zuten. Irailaren 29an Bergaran burututako finalean, kadeteek jokatu beharreko partida zen erabakigarria, gazteetan nafarrek eta handietan arabarrek irabaziko zutela nahiko nabarmen baitzen aitzinetik. Kadetetan, Unai Arraztoa elizondarrak eta Xanti Arraztoa iruritarrak 22 eta 8 irabazi zieten Gevara eta Resanori. Emaitzak bertzelakorik erakusten badu ere, partida gogorra izan zen eta ordubete baino gehiagoko lehia izan zuten. Gazteetan, Josu Baleztena eratsundarrak eta Toni Uharte amaiurtarrak 22 eta 2 irabazi zieten Vicente eta Alvarezi, gaurko egunean, adin honetan dagoen bikoterik onenetakoa dela erakutsiz. Bi pilotari hauek Otadiako Santo Kristo txapelketa aisa irabazi zuten eta Euskadiko ligan ere txapeldun suertatu dira. Josu Baleztena eratsundarrak Aspe enpresarekin aurrekontratua ere egina du.
Beraz, bigarren partidu honekin Euskal Herriko txapela segurtatua zuten Txarutakoek. Handietan, Iñigo Altzugarai almandoztarrak eta Iñaki Eskudero eratsundarrak (azken hau adinez jubenila da oraindik) 7 eta 22 galdu zuten Mikel eta Casadoren kontra.
Juanjo Atxa, Txarutako arduraduna gustora dago aurten pilotariek lortutako emaitzekin eta oraindik jokoan dituzten txapelketa ezberdinetan garaipen gehiago eskuratzea espero du.