“Lehen mailako bizpahirurekin borrokatzeko modua ikusten dut”

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 15a

"Gaztedirik ez da ari aizkoran, kirol garestia da eta etorkizunik ez da ikusten. Dirua ikustekotan udako erakustaldietan aritu behar zara eta gazteek ez dute sufritu nahi."

* Jose Antonio Loiarte zubietarrak Nafarroako bigarren mailako aizkolarien txapela jantzi zuen irailaren 30ean Igantzin egindako saioan.
* Joanemaria etxeko semea, duela 38 urte jaio zen. Berandu hasi zen aizkora munduan, 27 urterekin. Udan Saralegitarrekin erakustaldietan ibiltzen da.
* Egurketari lanean aritzen da kamioiarekin mendian eta horrek ez dio entrenatzen aritzeko asti gehiegi uzten: «Badakizu, hor goizean lanera joan eta arratsa arte ez zara bueltatzen etxera. Denbora gutxi gelditzen da».

Jaun eta jabe izan da Jose Antonio Loiarte aizkolari zubietarra Na­farroako bigarren maila­ko txapelketan. Uharte-Iruñan egindako kanporaketan aisa gailendu zen eta bertze horren­bertze egin zuen Igan­tzi­ko finalean. 15 minu­tu eta segundu bakarra behar izan zituen bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta 72 ontzako enbor bat mozteko, bigarren izan zen Etxarri-Ara­­nazko Erdoziak baino minutu eta 46 segun­du guttiago. Zior­diko Flores, Aros­tegiko Ma­nuel Kaña­mares eta Pa­txi Larretxea aranztarrak osatu zuten finaleko boskotea. «Biga­rren mailan nahiko aisa aritzen naiz, gero lehen mailan izaten dira kontuak, hori haundixkoa da neretzat. Tarteko bat beharko litzateke» dio umoretsu Loiartek. Izan ere, lehendik pro­ba­tua du lehen maila, lau bat urtez aritu baitzen. Orain bi urte galdu zuen kategoria eta orain pozik dago, berriz ere berreskuratu duelako.

«Ongi prestatuz, maila mantentzen ahal dut»
Lehenbiziko maila ona dagoela uste du zubietarrak. «Mindegia, Larretxea eta puntako denak hor daude. Ongi banintzake bi edo hirurekin borroka pixko bat egiteko modua ikusten dut. Lehen ere mantendu nuen urte askoz kategoria… Urteak gora doazi, baina pixko bat preparatu eta zure gorputza ongi  ikusiz gero, maila mantentzen ahal da, baina zaila izanen da». 40 urteak hurbil izanda ere, ez dirudi hori aizkoran txarra denik,  aizkolarien adinak ikusirik. «Gaztedirik ez da ari aizkoran, kirol garestia da eta etorkizunik ez da ikusten. Diru pixko bat ikustekotan udako erakustaldietan aritu behar duzu. Gaur­ko gazteek ez dute horrenbeste sufritu nahi».
Denborarekin aizkorarako ezaugarriak aldatu egin zaizkio Loiar­te­ri. «Lehen gehiago pre­paratzen nintzen eta lan luzeetan ongi mane­jatzen nintzen. Orain den­bora gutxi dut entrenatzeko eta fi­sikoki puntua ez dut on­gi hartzen. Igan­tzikoa bezalako lan mo­tzetan ho­­be aritzen naiz».
Aizkolari gustokoena Mindegia du Loiar­tek: «Estiloz politena eta gaur  egun puntan da­­goena bera da. Tekni­ka eta burua, denak dauzki. Latasa ere ezagutu nuen eta ona zen, baina Mindegiak 51 urterekin hor segitzen du, ez du akabailarikan». Dena den Eus­­kal He­rri­ko finalerako Ola­sa­gasti du faborito. «Beti bezala Olasagasti aurrean izango da. Minde­giak bere lana eginen du, baina ez dut uste irabazteko modua izango duenik, lehen zuen azken sprint hori falta zaio. Eta kontuz Larre­txearekin! Udako erakustaldietan ikusi dut eta sasoia hartzen joan da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun