Urte askotan Seaskako ikastolen bigarren mailako hezkuntza Kanboko Xalbador Kolegioan baino ez da irakatsi, baina 98-99 ikasturtean ikasle kopuru handia zela eta, bigarren kolegio bat Ziburun zabaltzea erabaki zen. Kolegio berriaren baldintza ekonomikoak ez dira onak eta, gainera, inbertsio ugari egin behar dira. Kolegioaren hirugarren urte honetan, ikasleen euskararen erabilera sustatzeko eta bere hezkuntza osatzeko hainbat jarduera pedagogiko abian jarri nahi dute, hauen artean KaskaRok Irratia. 8.150 Liberako aurrekontua du proiektu honek eta laguntza eskatu dute, irratirako behar den materiala eskuratzeko. «Gure proiektua materiala lortzean gauzatuko da, aurtengo aurrekontuetan ez baitzen holakorik pentsatu».