Bazen behin Etxalarren… Horrelaxe hasiko dira irailaren 27an Euskal Herriko Kontalarien Elkarteak antolatu duen egun bereziko ipuin gehienak. Zazpi lurraldeetako 25 ipuin kontalari bilduko dira, Isabel Millet antolatzaileak aitzineratu digunez, «Koldo Ameztoi, Jose Mari Carrere, Lupe Lekuona, Kontu Kantoi eta A la luz de las velas taldeak», bertzeak bertze.
Laugarren aldia izanen da aurtengoa. Aitzineko urteetan Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban ospatu dute eta aurten Nafarroari tokatu zitzaionez, gure herrira ekarri dute, Isabel Millet ipuin-kontalariak proposatuta. Lau gune paratuko dituzte herri osoan, eta horietan kontalariek haur nahiz gazteentzako ipuinak kontatuko dituzte.
11:30ean hasiko da eguna Patxiku Irisarri alkatearen agurrarekin. Ondotik, 12:00etatik 14:00etara, Eskola Zaharretan, Kultur Etxeko arkupean, Elizako arkupeetan eta Iñarretako gurutzean banatuko dira kontalariak. «Adin guztietako jendea animatzen dugu, egun berezia, desberdina eta goxoa izanen baita», dio Milletek.