Kontxi Sanchez Vazquez, oposizioak gainditu ondotik azken lau urte eta erdi hauetan Doneztebeko Osasun Zentroan Famili mediku izan denak eskutitz agurra igorri du ttipi-ttapara. Bertan, «lanpostua uztera behartua izan naizela eta ordez, erdaldun zonaldeko lanpostu bat aukeratu behar izan dudala» dio. Kontxi Sanchezek jakinarazi duenez, «Osasunbideak oraindik bere lanpostuetan behar diren euskara perfilak erabaki ez dituenez, Hizkuntz Politikako Zuzendaritzak nik oraindik ez dudan EGA maila eskatu digu euskaldun lanpostuetarako. Dena den, nire euskara maila altua dela eta hobetzen jarraitzeko asmoa dudala kontuan hartuz, aipatutako maila lortzea espero dut».
Kontxik izandako konfidantza eta tratua eskertuz akitzen du oharra: «Oso gustora bizi izan naiz eta oso gustora egin dut lana hemen. lanpostu honetara etorri den medikuak zuekin lan polita eginen duela eta ni bezain pozik egonen dela ziur nago».