Guziok ezagutzen dugu Etxalarko elizako jardinean dagoen pinu ederra. Bertatik pasatzerakoan ongi ikusten da 48 urte dituen Himalaiako zedroa. Duela denbora bat haizeak harroaldi bat eman zion arbolari, goiko punta hautsiz. Hortik aitzinera, goiti beharrean zabalera hazten joan zen. Elizako pareta hurbil dagoela jakinik argi zegoen zer gertatuko zen: pareta arraildu. Gehiagora joan baino lehen bi herritarrek, Jabier Indaburuk eta Jabier Sansiñenak, beraien borondatez pareta berritzeko lanak hartu zituzten. Aste bat inguru iraun duen lanean pareta urratu dute, zain zati batzuk moztu eta berritik hasi dute berriz ere pareta. Eskertzekoa da bi langile hauen borondatea eta lana.