Nafarroako trikitilari guziak elkartzeko aukera izanen dute urriaren 29an, igandean. Egun hortan ospatuko da Bortzirietan Nafarroako III. Trikitilari eguna. Elkargunea Lesaka izanen bada ere Bortziriak osoan barrena zabalduko dira trikitilariak (Lesakan bertan, Etxalarren, Beran, Igantzin eta Arantzan).
Auspo soinuak Nafarroako bazterretan
Urte aunitz badira jadanik trikitixak bere zabalpenari Nafarroako hainbat xokotan hasiera eman ziola. Ordutik izan dugu dantzatu eta ongi pasatzeko aukera musika-tresna honen bixitasunarekin eta alaitasunarekin. Trikitixaren hazia sustraitu nahirik, txapelketak antolatzen hasi ziren. Lautan antolatu da Nafarroako Trikitixa txapelketa, baina bide hau baztertu eta Nafarroako Trikitilari Egunak hartu zion erreleboa: duela bi urte antolatu zen Barañainen Nafarroako I. Trikitilari eguna, eta iaz Sakanan bigarrena. Aurten, berriz, Bortzirietara ekarri da topagunea.
Egun hau Nafarroako trikitixa eskola guziak elkartzen dituen eguna da; elkar ezagutzeko, ongi pasatzeko, ikasleek urtean zehar ikasitakoa karrikaratzeko... azken finean, gure inguruko bazterrak trikiti doinuz betetzeko.
Nafarroako III. Trikitilari eguna Lesakan antolatzearen arrazoia ez da kasualitate hutsa. Izan ere, Bortzirietan aunitz dira trikitixa eta panderoa ikasten eta jotzen ari direnak. Hortxe ditugu horren adierazgarri, Lesakako, Etxalarko, Arantzako eta Berako trikitixa eskolak, ehun ikasletik goiti biltzen dituztenak.
Egitarau zabala
Goizeko 10etan emanen zaio hasiera egun honi, Lesakako plazan. Bertan eginen zaie harrera talde guziei. Ondotik, Lesaka Trikitixa Taldeko gurasoek prestatutako hamarretakoa emanen zaie bai trikitilari eta bai panderojoleei. 11tan trikitixa eskolak banatu egingo dira: autobusez, bakoitza Bortzirietako herri batera joanen da. Herrietako xoko guziak alaitu ondotik 2ak aldean Lesakan elkartuko dira berriz ere denak. Elkarrekin joanen dira frontoira bazkaltzera. Bazkaria irekia da, joan nahi duten guzientzat. Txartelak salgai egonen dira 1.200 pezetatan haurrentzat eta 2.000 tan helduentzat. Bazkalondotik, 4etan Bortzirietako Bertso-eskolako hiru bertsolarik saioa eskainiko dute. 5etan trikitixa eskola bakoitzak bere saioa emanen du (bina kanta eskainiz) eta honen ondotik trikitilari guziak elkarrekin joanen dira frontoitik plazara «Santimamiña» eta «Maria Jesus» abesti ezagunak joz. Aipatzekoa da, sari sorpresa izanen duen zozketa eginen dela. Egunari akabaila ona emateko ETZAKIT taldearekin izanen da dantzaldia arratseko 7,30etan, Plaza Zaharrean.
Kasik Nafarroa osoko trikitixa eskola guziak Bortzirietara joanen direla kontuan hartuz, guzira, trikitilarien eta panderojoleen artean, 300 pertsona inguru bilduko da Nafarroako III. Trikitilari egun honetan.