Leitzako Lizarra-Garazi ttikiaren hausnarketak eta ondorioak

ttipi-ttapa 2009ko ira. 14a, 17:08

Leitzan Lizarra-Garazi Akordioari atxikimendua eman genion taldeok, Akordioa bera eta Euskal Herriko egoera politikoaren inguruan hainbat eztabaida eta ekintza egin ditugu azken hilabeteotan. Idatzi  honen bitartez, ateratako ondorioak gizarteratzea eta norberari hausnarketa pertsonalak eragitea nahi genuke:
Gatazka politikoa da
Akordioak dioen bezala, Euskal Herrian dagoen gatazka politikoa. da, Euskal Herriari nazio gisa dituen eskubideak ukatzen zaizkiolako eta euskal gizartearen hitza eta erabakia aintzakotzat hartzen ez delako (lurraldetasuna, autodeterminazio eskubidea, erabaki subjektua…). Gatazkak jatorri historikoa du, egungo arazoaren erreak azken mendeetako gerrate eta liskarretan ere islada izan dute. Arazoa politikoa ez bada, zergaitik ematen zaio garrantzi eta oihartzun haundiagoa Euskal Herrian gertatzen denari? Arazoa politikoa ez bada, zergatik Euskal Herrian gertatzen diren biolentzia espresioei ez zaie Estatuko beste edozein lekutakoei bezalako tratamendua ematen?
Gatazkaren ondorioak
Nabarmenak eta mingarriak dira. Batetik, pertsonen sufrimendua eragiten dutelako: heriotzak, torturak, presoak, kalte ekonomikoak, etab.Bestetik, ondorio kolektiboak. Euskal Herria herri gisa desagertarazi nahi da: zatiketa politiko-administratiboa bultzatuz, euskarari eta kulturari eraso eginez, irakaskuntzako edukiak inposatuz, adierazpen askatasuna eta esparru ekonomikoa oztopatuz, ... Azken finean, euskal gizartea erabakiak hartzeko ahalmenik gabe dago.
Ondorio hauek, indibidua­lak nahiz kolektiboak, gi­zar­tean oihartzun handia dute, pertsonen arteko harremanetan zailtasunak sortuz.
Lizarra-Garaziko akordioa garrantzitsua
Bi estatuen urduritasuna da horren froga. Euskal Herriko gehiengo politiko-soziala behingoz ados jarri zen gatazkaren diagnosian eta hori gainditzeko metodologian. Gatazka politikoak irtenbide politikoa behar du, eta elkarrizketa eta negozioazioa da bidea. Oraingo egoeran ere, Leitzan Lizarra-Garazi eredu bezala erabiliz, hainbat talde eta pertsona biltzen gara gogoeta egin eta ondorioak ateratzeko. Egoera gogorretan ere itxaropena mantentzea onuragarria da. Ez al da elkarrizketa egoera gainditzeko bide egokiena? Beste bideak, orain artekoak, jorratuz ez ote du gatazkak luze iraunen? Ez al dugu nahikoa sufritu?
Akordioaren hutsuneak nabarmendu dira
- Bakarrik abertzaleen arteko elkarlanean geratzea, euskal gizarte osoaren benetako inplikaziorik gabe.
- Dena alderdi politikoen esku utzi izana beste gizataldeak bigarren mailan geldituz. Alderdiek beren patrimoniotzat hartu dute Akordioa. Ez al dugu denok autokritika konstruktiborik eginen? Ez ote du pertsona bakoitzak norma­lizazioaren bidean gehiago emateko gaitasunik?
- Hainbat herritan Lizarra-Garazi txikiak sortu ziren. Non gelditu horien iritzia, lana eta energia?
Hitz asko, egin gutxi
- Asko hitz egin da  baina ezer gutxi egin edukien inguruan, sustraiko arazoari irtenbidekak bilatzeko garaian (Lurraldetasuna, erabaki subjetua, autodeterminazio eskubidea, biolentzia espresio guztien desagerpena,...). Herriak hitza eta erabakia garatzeko gaitasunik izanen ote du noizbait? Hizketan hasteko ere salba ezinak izan daitezkeen aurrebaldintzak jartzea egokia al da?
Komunikabideen erantzunkizuna
- Prentsaren jokaera ez da egokia  izan. Horrelakoetan prentsak inpartziala izateaz gain, bere indarrak bakerako metodologia desberdinei buruzko informazioa eskeintzera bideratu behar ditu, ez proposamenak satanizatzera. Prentsak bakegintzan erantzunkizun handia du. Akaso Espainiako prentsan (telediarioak, irratiak, egunkariak,...) Lizarra Garaziko Akordioaren edukia inoiz azaldu al dute? Espainiako biztanleek ba ote dakite benetan Akordioaren oinarri nagusia elkarrizketa bultzatzea dela? Lizarra Garazirekin bat egin genuen taldeak gai izan al gara horrelako jokaerei aurre egiteko? Ez ote gara defentsiban ibili?
Lizarra-Garaziri jarri zaizkion oztopoak
Oztopoak ugariak eta nabarmenak izan dira:
- Kanpo presioa, batez ere Espainia eta Frantziakoa. Presio mediatikoa, hilketak, negoziazioetan bitartekarien atxiloketak, torturak, etab.
-Presoen sakabanaketa bere horretan dago. Gaur egun, gatazka gordintzeak irtenbiderako adostasunera iristea zaildu egin du.
- Alderdi politikoek egiten duten erabilpen partidista. Norberaren interesen eta koiunturaren arabera, interes orokorren gainetik.
- Lizarra-Garazi sinatu zutenen definizio eza.
Hala ere, Lizarra-Garazi tresba baliogarria da
Hala iruditzen zaigu bizitzen ari garen momentu gordin honetan, herri honen askatasuna eta pakea lortzeko. Alderdi politiko, sindikatu, gizarte mugimendu eta orohar gizarte osoari, presio guztien gainetik elkarlanean eta elkarrizketan tinko eusteko eskatzen diegu, beren arteko liskarrak eta alderdiko interesak alde batera utzita.


Leitzan, 2000ko irailean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun