Nere ustez laguntzak denentzat izan beharko luke, lanean ari edo ez

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 14a

Esther MENTABERRI Bera

Nik kasualitatez izan nuen dirulaguntza hauen berri. Eman zizkiguten tomate batzuk periodiko orritan bilduak, eta hor jartzen zuen Nafarroako Gobernuak bigarren seme-alabarentzat dirulaguntzak emateko asmoa zuela. Horreta­rako urte bateko eszedentzia eskatu behar da, azken urteetan Nafarroan bizitu zarela frogatu behar duzu…
Nik eszedentzia eskatu nuen lan egiten dudan jatetxean. Berez emakumearen eskubidea da, amatasun bajaz gain (16 aste), urte bateko eszedentzia hartzea haurdun zaudelarik, bainan horretarako fijo egon behar duzu nahitanahiez.
Laguntza honek ez du ematen haur bat zaintzeko, ezta zapiak erosteko ere. Haurren gauzak hagitz garesti dira, zapiak, arropak, esnea… bainan hobe da laguntza hau deus baino. Lehen alabarekin etxean gelditu behar izan nuen lanik ez nuelako, eta ez nuen batere laguntzarik.
Nere ustez laguntzak denentzat izan beharko luke, lanean ari garenontzat eta lanik ez dutenentzat ere. Kontua bi ume edo gehiago izatea da, ez?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun