Haur gehiago sortzea nahi da

Asier GOGORTZA 2009ko irailaren 14a

Nafarroako Gobernuak abuztuaren 2an onartu zuen foru dekretuaren arabera, 2 haur baino gehiago dituzten familiei dirulaguntza emanen zaie eskaera eginez gero. Azken urteetako estatistiken beheitirako joera ikusita, jaiotza-tasa sustatzea da Gobernuaren asmo nagusia.
Dena den, dirulaguntza sistema berriak ez ditu inondik inora familia guzien beharrak asetzen, are gehiago, banaketa egiteko orduan hutsune larriak daudela erran daiteke.

Azken hamarkadetan Nafarroan sortze kopuruak beheiti egin duela erratea ez da gauza berria, gure inguruan bertan nabarmen baita gero eta haur guttiago sortzen dela. Na­farroako Gobernuaren estatistiken arabera, 1976tik 1998ra, 22 urtetan, jaiotze-tasak erdira egin du herrialdean. Hortik ondorioa atera dute Nafarroako jaiotze-tasa belaunaldiak ordezkatzeko beharrezkoa den kopuruaren azpitik dabilela, hau da, emakume bakoitzeko 2,1 seme-alaba baino puskaz guttiago sortzen dela. Gaur egun haur guttiago izatearen arrazoietako bat, bi gurasoak etxetik kanpo lanean aritzea omen da kasu auniztan, eta familiari eskaintzeko denbora eskas dutela horregatik.
Gauzak horrela, Gobernuak onartu berri duen lege honen bidez lana eta familia bateraga­rriak egin nahi dituzte. Bi modutakoak izanen dira laguntzak: bigarren seme-alaba sortzen delarik 55.000 pezeta (2.200 libera) hilabetero, haurrak urtea egin arte; eta, jaio dena hirugarrena baldin bada, diru berdina hiru urtez.
Bainan dirulaguntza hauek jasotzeko baldintza bat bete behar da nahitaez, bi gurasoek behin-betiko kontratua izatea, alegia, eta bietako batek urte bateko edo hiru urteko eszedentzia eskatzea lanean. Eta hortxe dago koxka. Zenbat bikotek betetzen dute baldintza hori? Eta betetzekotan, merezi al du eszedentzia eskatzea 55.000 pezeta hoiek hartzeko?

“Lege bidegabea da”
Dirulaguntza eskaera egin duten gurasoetako batzuk ere onartu dutenez, legea ez da batere justua, gehien behar dute­nei laguntza ukatzen baitzaie. «Bigarren semea edukitzen duten guzientzako izan beharko luke» dio Esther Alkaraz leitza­rrak.
Bertzalde, bikiak edo hiruki­ak izaten dituzten familiek lehen hiru urtetan 10.000 pezeta­ inguruko (400 libera) dirulaguntza hartuko dute seme-alaba bakoitzarengatik. Nafarroa­ko Ongizate Institutuak partituko dituen dirulaguntza hauez gain, lehendik ere Gizarte Se­gurantzak ematen zituenak daude bixkien jaiotzarako: 282.720 pezeta (11.300 libera) urtean.
Nafarroako Ongizate Insti­tutuaren dirulaguntza hauek Espainiako Estatuan aitzindari­ak dira, bainan galdegin diegun gurasoen arabera hagitz eskasak dira haurren gastuak ordaintzeko. Denak ados dira gauza batean, «deus baino hobeki da» diote, «bainan lagun­tza hauekin jaiotze-tasa goitu nahi badute alferrik ari dira». Maribi Irujo Nafarroako Ongi­zate Institutuko langileak erran digunez laguntza hauek «lehen pausua dira familiari ahalik eta laguntza gehien emateko bidean, horregatik sortu da familiari laguntzeko sail berri bat Ongizate Institutuan».

Frantzian 1946an hasi ziren laguntzak
Argi dago laguntzen sistemak baduela zer hobeturik Na­farroan. Ez da sobera urrun joan behar, gainera, dirulagun­tzen sistema aurreratuagoa ezagutzeko. Saran eta Senperen bertan, jakina denez, aspalditik­ hartzen dituzte laguntzak se­me-alabentzat. Frantzian 1946­an hasi ziren familiei laguntzak­ ematen, eta gaur egun hainbat aukera desberdin dute gurasoek. Ezpele­tako Beatrice Age­rrek erran digunez, ume bat sortzen dela­rik automatikoki ematen zaio dirulaguntza bat bere familiari, ez da eskaerarik­ egin behar. Beatrice Baionako bulegoan gizarte laguntzaile bezala ari da lanean azken 30 urteetan. «Frantzian, emazte bat haurdun dagoelarik 5. hila­betetik aitzinera 1.000 libera (25.000 pta) hartzen ditu haurrak hiru hilabete izan arte», dio, «esposatua egon edo ez» gainera­tuz. Bigarren haurra sortzen delarik amak edo aitak­ hiru urtez lana utzi eta etxean egoteko­ eskubidea dute, hilabe­tero 3.000 libera (75.000 pta) esku­ratuz. Bertzalde, haurrak esko­lan hasten direlarik diru kopu­ru bat hartzen dute guraso­ek, eta 20 urte bete arte seme-alaba bakoitzarengatik laguntza bat hartzen dute hilabetero­-hilabetero. Horrez gain, bi gura­soak lanean ari eta haurrak zaintzeko pertsona bat hartu nahi baldin badute Gobernuak langile hori ordaintzen laguntzen die, eta zenbait kasutan gastu guziak ordaintzen ditu.
Hoiez gain bertze dirulagun­tza batzuk ere badituzte familia bakoitzaren ezaugarrien arabera. Dirulaguntzen sistema honek bere fruituak eman ditu­ Beatricek dioenez: «1959­tik honat %49an goitu da sortze-kopurua Frantzian»

Isabel IRATZOKI  Bera

Bixkiak izan dituzue uda n, eta lehendik bazenuten bertze haur bat. Zenba­teko laguntza emanen dizu­ete?
Bi diferente daude. Gizarte Segurantzak ematen duena, 280.000 pezeta (11.200 lib.), eta bertzetik, On­gizate Institu­tuak 12.000 pezeta (480 lib.) ematen du lehen 12 hilabete­tan bixkiak izateagatik.
Lehen bi laguntzak ez omen ziren bateragarriak, bainan orain bai.
Diru hori nahikoa da haurrak hazitzeko?
Aski ez, bainan lagungarria bai. Hilabetean 12.000 peze­tarekin ez duzu deusta­rako. Gero gainera hazitzen direnean orain baino gastu gehiago izaten dituzte.
Biek lanean ari zarete. Bie­tako batek eszedentzia eskatu behar  duzue?
Oraindik ez. Ni pentsatzen ari naiz halere, nola bertze laguntza horiek ere ateri dituzten… gure kasuan hartuz gero bixkiek hiru urte bete arte jasoko genuke laguntza. Hauekin ia hiru haur ditugu, eta gainerakoan haurtzain­de­gira eraman edo zaintzeko norbait hartu behar­ko dugu.
Laguntza hauek gehiagora joanen direla uste duzu?
Bai, denborarekin pentsatzen dut goiti joanen direla. Ez dakit Frantziaren pare jarriko den, bainan…
Nik uste laguntza hauengatik ez dugula ume gehiago izanen. Laguntza hauek fami­lia sustatzeko dira, bainan diru horrengatik inor ez da animatuko haurra izatera.  Gain­era gaur egun familia ugaria izateak ez du apenas deustarako balio.
Bertzalde laguntzak bidegabe xamarrak ote diren aipatzen du jendeak.
Badira arrenkurak, bai. Esze­dentzia eskatzen ahal dutenentzat dira, kanpo­an lan egiten dutenentzat bakarrik.

Bittori DAINTZIART  Sara

Zuk hiru seme dituzu, eta bigarrena izan zenuenetik hasi zinen dirulaguntzak hartzen, ezta?
Bai, bi haurrentzat 700 libera­tik goiti (17.500 pta) ematen dute, eta hirurentzat antxu 1.500 libera (37.500 pta) hila­betean. Hiru haur baino gehiagoko familia guti da hemen, baina­ hirurekin franko poli­ki.
Dirulaguntzek badute zeri­kusia horretan?
Ez. Lanak batez ere. Laguntza ongi da, bainan ez da dena. Badugu aukera bat, bigarren haurretik aitzinera, lana utzi eta etxean hiru urtez egoteko­. Hilabete­an 3.000 libera (75.000 pta) ematen dauzkigute hiru urte hoietan. Gero lana atxikitzen duzu berriz. Nik bigarren eta hiruga­rren semeekin egin dut hautu­ hori­.
Ez dut diruarengatik egin, eta ez dut pentsa­tzen ainitz jende dago­enik diruari begira. Ematen zaituzte laguntza bainan gero haurrarentzat behar duzu dirua, eskolarentzat, bizitzeko… laguntza da, bainan ez negozioa.
Hiru urte hoietan aski izanen da dirulaguntza zure jornala ordezkatzeko?
Ez, bainan balio du haurrekin etxean izateko. Laguntza hori berdina da denenda­ko.
Jende aunitzek hartzen du erabaki hori?
Gehienek, ez badute postu arras ona bederen. Se­narrak ere berdin hartzen ahal du.
Bertze gisako laguntzarik baduzue gurasoek?
Bai, haurdunaldiaren 5. hila­betetik aitzi­nera 900 libera (22.500 pta) hartzen dira hile­ro, haurrak hiru hila­be­te egin arte. Haurrak 3 urte bete arte­ kalkuluak egiten dituzte eta horren arabera lagun­tza duzu­.
Haurrak eskolan hasten dire­larik ere baduzu laguntza. Gurea 6 urtetan sartu zelarik 1.600 libera (40.000 pta) hartu genuen urtero. Bertzalde, udalekuetan joaten direlarik ere bai.
Urte lehenean deklarazioa egiten dugularik kalkulatzen dituzte urte guziko laguntzak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun