* Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean egindako erakusketaren ondotik, Berako Kultur Etxean ikusgai daude Lourdes Arretxearen margolanak urriaren 21a bitarte.
* «Bi munduren artean» izena du erakusketak eta Mexiko eta Euskal Herriko irudiak ageri dira.
* Lourdes beraren izaera definitzeko ere balio du izenburu horrek: Mexikon sortua, gurasoak –aita Elbeteko Amoneako Martin Arretxea eta ama, Mª Jesus Indart– eta senarra –Lekarozko Atxaborroakoa–baztandarrak ditu.
Mexikotik kanpo zure lanak erakusten dituzun Lehendabiziko aldia da , ez da?
Profesionalki, koadroekin-eta Mexikotik ateratzen naizen lehen aldia da. Egia errateko, 29 koadro hartu eta honat etortzea eromena da, ongi pentsatzeko kontua da.
Zure koadroen estiloan aldaketa nabari da, Mexiko edo Euskal Herria margotzen duzunean…
Bi mundu ezberdin dira eta estilo aldaketa nabaritzen ahal dela uste dut. Ni Mexikon bizi naiz, noski, eta bertze modu batean ikusten dut nire herrialdea, zuek ikusten duzuenaren ezberdina seguraski. Harat joaten bazarete turistak izanen zarete. Hemen, arbasoak eta senarra hemengoak izanik, ni turista soila ez banaiz ere, zuen ikuspegi ezberdina dut. Horregatik aldatzen dira bi pinturak.
Mexikori dagozkion margolanetan erretratoak egiten dituzu gehien bat. Zer isladatu nahi duzu?
Indigenen begirada isladatzea gustatzen zait. Hori da nire xedea. Normalki indar handia erakusten du beraien begiradak, jende arras langilea da… Xarmangarria iruditzen zait begirada hori koadrora ekarri eta ikusleak begirarada horrek erran nahi duena ulertzea. Hori da nire borroka eta nire estudioa.
Zure koadroen bertze ezaugarria kolore biziak dira. Mexikoren edo Lourdesen islada da?
Mexikoren islada da, indioen arropen kolorea, jendearen kolorea, baita etxeen kolorea… Gurekin bizi den zerbait da eta mexikarrontzat errexa da hori azaltzea.
Teknika berexiak ere erabiltzen dituzu, guretzako ezezagunak direnak.
Hemen inork ez du ezagutzen punta de plata izeneko teknika, horrek harritu nau. Horregatik, azalpena jarri dut koadroen ondoan. Izan ere, zoragarria iruditzen zait erakusketa batean zerbait erakutsi ahal izatea, zerbait didaktikoa izan dadila.
Baztanen, ustegabeko arrakasta izan duzu.
Ez nuen inoiz ere halako arrakastarik espero. Jende aunitz izan da erakusketa ikusten eta koadro aunitz saltzea lortu dut, ezin naiz kexatu. Mexikon erakusketa batzuk egin ditut, baina egia errateko, Mexikon bertan baino arrakasta handiagoa izan dut. Inor ez da profeta izaten bere herrialdean. Izandako arrakasta ikusirik itzultzeko asmoa dut, baina hemendik bizpahiru urtera. Orain, atsedena hartu bertze proiekturik ez dut.