Urriaren 17an aurkeztu zen lehen aldiz jokatuko den Nafarroako buruz buruko erremonte txapelketa. Gaur egungo lau espezialista onenekin antolatu da eta Euskalen jokatuko dira partidu guziak. Bingo Londres txapelketa bortz aldiz irabazi duen Koteto Ezkurra eta aurtengo txapelduna izan den Iñaki Lizaso doneztebarrekin batera, hiru aldiz finalista izan den Jon Eizagirre eta aurtengo txapelketan ustegabekoa eman duen Patxi Zeberio ari dira lehian. Enpresak jarri dituen txapela eta oroigarrietaz gain, Burlatako Fiat Medansa etxeak irabazlearentzat Fiat Tipo autoa jarri du.
Joan den asteartean abiatu zen txapelketa Euskalen. Ezkurrak 35-15 irabazi zion Eizagirreri lehen partidan. Lizasok azaroaren 1ean jokatu du lehendabiziko partida Zeberio bigarrenaren kontra. Ligaxka sistemaz jokatuko da, guziak guzien kontra eta ligaxka honetako bi onenek jokatuko dute finala San Frantzisko egunean. Dena den, Osasuna eta Real Madrilek egun horietan jokatuko dute ligako partidua eta, horren arabera alda daiteke finalaren eguna.
Bi doneztebarrak gogoekin
Koteto Ezkurra eta Iñaki Lizasok gogoekin eta ilusioz ekin diote txapelketa berri honi. Txapelaz gain, auto bat dago jokoan eta hori ez da ohikoa erremontean. Baina kirol lehia hori baino handiagoa izanen da. Lizasok Bingo Londres txapelketa irabazi du aurten, finalean Ezkurrari irabazi ondotik. Nafarroa Oinezen alde jokatutako errebantxan Ezkurrak irabazi zuen. Beraz, hirugarren norgehiagoka honen zain daude doneztebar guziak. Koteto sasoi puntu onean dago eta moralki ere indartsu dago, irabazteko gogoekin. Baina berak adierazi duenez, bertze arerioak ere kontuan hartzekoak dira: «Eizagirre hiru finaletan egon da eta teknikoki kontuan hartzeko erremontelaria da eta Lizaso txapelduna da». Lizasoren ustez, Koteto izanen da faborito: «Banaka nahiz binaka bera da nagusi. Bertzeak ustegabea ematera aterako gara».