Zubietako herriak ongi merezitako omenaldia eskaini zion Mindegiaren bere 60. urtebetetzean

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 14a

Aizkora eta harrijasotze munduko lehengo, oraingo eta etorkizuneko kirolariak bildu ziren

Mikel Mindegia aizkolariak ongi merezitako omenaldia jaso zuen larunbatean Zubietan, bere 60. urtebetetzea gogoratzeko. Zubietako udalak antolatu zuen omenaldia eta herritarrek ez ezik, herri kirol munduko hainbat kirolarik, aizkolariek eta harrijasotzaileek batez ere, parte hartu zuten.
Goizeko meza ondotik, joaldunek arkua egin zioten Mindegiari eta gero plaza aldera jo zuten. Bertan, aizkolarien aurkezpena egin zuen Luis Mari Bengoak eta egun horretan ez zela irabazlerik ez galtzailerik aipatu zuen, “aizkora bera aterako baita garaile”. Mikel Mindegiak ere eskerrak eman zizkien bildutakoei. Hainbat eta hainbat enbor prestatuak zituzten zubietarrek eta pixkanaka probak egiten hasi ziren. Iraganeko hainbat aizkolarik parte hartu zuten, Arria II, Patxi Astibia eta bertze, baina saioa hasten etorkizuneko aizkolariak izan ziren: Kenari Erasun, Mikel Zabaleta, Julen Larrea eta Iker Vicente, 12-13 urteko aizkolariak hain zuzen.

 

80 urterekin aizkoran

Halere, ikusmin handia piztu zuen bertze saio batek. Hain zuzen, omenaldian parte hartu zuen emakume bakarra, Maika Ariztegi iturendarra; aizkolaririk beteranoena, Julian Larrea eta berriki jubenil mailan Euskadiko txapeldun atera den Eneko Saralegi aritu ziren. Gaztea nagusitu zen, baina emakumeak eta eta 80 urteko aizkolariak jaso zituzten txalorik handienak.
Mindegiari ilusio berezia egin zion bertze saio batean Juan Rodriguez segoviarrak, Mendizabal II, Agite,m Arria II eta III eta Patxi Astibiak parte hartu zuten.
Baina aunitz izan ziren parte hartu zuten aizkolariak: Joan den mendeko txapeldun handiekin batera, gaur egungo aizkolari onenak, Floren Nazabal eta Donato Larretxea buru zutela eta urte batzuetan punta puntukoak izanen diren Jon Rekondo leitzarra, Aitzol Atutxa, Ander Erasun edo Oihan Larretxea bertzeak bertze.

 

«Bihotza bete egiten zait hainbeste lagun ikusita»

Mindegiarekin batera, Maria Jesus Mutuberria emaztea izan zen plazan eta semea, Migeltxo ere aritu zen aizkoran. Mindegia hunkitua ageri zen omenaldiarekin, “lehendik ere jaso ditut omenaldiak, baina hau izan da handiena” zioen. “Zubietako udalak egin duena asko estimatzen dut eta bihotza bete egiten zait hainbeste lagun ikusita”.
Aizkolariez gain, Migeltxo Saralegi, Iñaki eta Inaxio Perurena, Izeta I, II eta IV, Josetxo Urrutia eta Aimar Irigoienek ere zenbait altxaldi egin zituzten aizkora saio eta saio artean.
Mikel Mindegiak berak ere “igandeko” arropa kendu eta aizkolariarena jantzi zuen, zutikako enborra mozteko. Zubietako udalak oroigarria eskaini zion eta bi dantzarik aurreskua dantzatu zioten. Loidisaletxe eta Telleria bertsolariek botatako bertsoekin eta goiz osoan suan prestatzen aritu ziren zikiroa bazkalduz akitu zen omenaldi hunkigarria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun