Aspaldian kezka baino ez da nagusi Zalaingo Condesako langileen artean: lantegia ixteko eta langileak kaleratzeko beldurra somatzen dira. Maiatzaren 25az geroztik erregulazioan daude eta urte akabera bitarte horrela egonen direla iragarria dago. Baina etorkizunera begira ere beltz dago kontua, 140 langile kaleratzeko bertze espediente bat paratu baitu mahaigainean. Hori onartzen ez badute, zuzendaritzak konkurtso legera joko duela ere adierazi omen du. Eta hori «xantaiatzat» jo dute langileek.
Kaleratzeko asmo hori, uztailaren 9an jakinarazi zuen zuzendaritzak. Plan horren arabera, Zalaingo lantegia bideragarria izateko aukera bakarra, 140 lagun kaleratzea eta Zalain Transformadoseko Hitzarmena baztertu eta Nafarroako Metalgintzako Hitzarmena indarrean paratzea dira. Langileen kalterako, bi hitzarmen horietan baldintzak diferenteak dira.
Horrek ezinegona sortu du langileen artean, eta egoera salatzeko hainbat mobilizazio egiten ari dira. Azkena irailaren 3an egin zutena izan da: 24 orduko lanuztea egin zuten, eta horrekin batera, Gasteizera joan ziren protesta egitera.
Gasteizko Ama Zuriaren Plazan elkarretaratzea eta prentsaurrekoa egin zituzten, eta horrez gain, manifestazioa ere bai, Condesako bulegoen aitzinetik pasatuz. Iribecampos - Uribarren Zalain ez itxi, despidorik ez zioen pankartarekin ibili ziren. Iribecampos-Uribarren familia Condesaren jabea da. Eta hain zuzen, Juan Jose Iriberocampos Condesako zuzendari nagusiak 2003an enpresari euskaldun onenei ematen zaien saria jaso zuen.
Mobilizazioen Erantzun ona
Sindikatu guztiek aho batez onartutako ekimenak parte-hartze zabala izan zuen, 160 bat langile joan baitziren Gasteizera: hiru autobus beteta eta autoz ere jendea joan zen.
Zuzendaritzak aitzineratu zuenez, espediente berri hau irailaren lehenean aurkeztekoa zuen Nafarroako Gobernuko Lan Sailean, baina lerro hauek idazterakoan oraindik ez zuen aurkeztua.