1993an Nafarroako Gobernuak balio kulturaleko ondasun izendatu zuen Donamariako Jauregi dorrea. Geroztik errestaurazio lanak martxan paratu zituzten, jauregiari bere denborako edertasuna eta dotoretasuna itzultzeko asmotan. Urriaren 16an burututako gobernu bilkuran moldaketa lanen bigarren fasearen kontratua onartzea erabaki zuen gobernuak. Kontratuak 53.474.294 pezetako aurrekontua du nahiz eta finantziazio hau bi urtetako epeetan emanen den, aurten eta heldu den urtean, ondoko banaketarekin: 30 miloi pezeta aurtengo aurrekonturako eta bertze 23.474.294 pezetak heldu den urterako.
Artze auzoan, Txaruta errekaren aitzinako presa baten ondoan dagoen dorre honek balio arkitektoniko haundia gordetzen du, Malerrekan ez baitago horrelako jauregi aunitzik. Lau pisuz osatua, Baztanen ere aurkitu ahal diren aspaldiko jauntxoen jauregi famatuen estiloa jarraituz bi zatitan banatua dago, lehenbiziko harrizko paretadun bi soilairuak eta gainerako biek, egurrezko paretekin. Garai batean beheko aldea ikulu edo behinahia bezala erabiltzen zen, bigarren pisua etxebizitza bezala eta azkenik, hirugarren eta laugarrenak ganbara eta gordailu bezala.