Solasaldi batzuk antolatuz eman da ezagutzera Malerrekako Gazte Asanblada

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 11

Hizkuntza sexistari buruzko hitzaldia izanen da ortziralean Doneztebeko liburutegian

Azken ortziraletan Doneztebeko zineman burutzen ari diren solasaldi batzuekin eman da ezagutzera Malerrekako Gazte Asanblada. Urria­ren 20an, homosexuali­ta­teari buzuko solasaldia eskaini zuen Euskal Herriko Gay Askapen Mugimen­durako (EHGAM) bi kidek. Urria­ren 27an, drogei buruzko solasaldia eskaini zuen Hautsi­ko kide batek. Solasaldi ziklo hau akitzeko ortziral honetan, azaroak 3, arratseko 8etan, hizkuntza sexistari buruzko mahaingurua izanen da Doneztebeko zineman. Bertan, Hernaniko sexologa bat eta eskualdeko zenbait biztanleren partehartzea espero da.
Iñaki Lareo, Malerre­kako Gazte Asanbla­dako kideak adierazi duenez, «gai hauek nahiko tabuak dira gure inguru honetan eta horrexegatik interesgarriak izaten ahal zirela pentsatu dugu». Sola­saldiak ez dira, ordea, antolatu dituzten ekitaldi bakarrak. «Ikastaro batzuk ere antolatu ditugu, masaia, sukaldaritza begetarianoa edo tinbal jotzea, adibidez».
Azkeneko bi hilabetetan, hamabortz-hogei bat lagun biltzen dira Malerrekako Gazte Asanbladaren baitan. «Hemengo kultura, musika, kirola indartzea nahi dugu, gai bereziak landu… Kulturalki eta sozialki hutsune dexente somatzen genituen inguru honetan eta horiek betetzeko helburua dugu». Momentuz hogei lagun horiek elkartzen badira ere, taldea nahi duen edonorentzat zabalik dagoela gogorarazi du Iñaki Lareok: «Lan egiteko gogoekin dagoen edonor sartzen ahal da, ateak zabalik izanen ditu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun