Arrigazteluko lanen ondorioz baserri batzuk inkomunikatuak gelditu dira

Jaione OTXANDORENA 2009ko irailaren 11

Bidasoa auzoko bizilagunak kexu agertu dira beraien egoerarekin

Arrigazteluko sai­hes­bidearen lanen ondorioz, baserri batzuk inkomunikatuak gelditu dira eta ez dute ibilgailuak sartu eta ateratzeko modurik. Lehen ere egoera txarrean zeuden baserri hauek, baina Bidasoa errekak behin behineko zubia eraman zuen, azken eurien ondorioz.

Trenabidea ere egoera kaxkarrean utzi dute
Bidasoa auzoan bizi diren Santiago Inda eta Pili Insaustik errandakoaren arabera, «egia da euri aunitz egin duela, baina honelako euriak urtean lau edo bortz aldiz izanen ditugu. Aldiro biderik gabe gelditzen bagara, ederra daukagu!». Altsuperea, Es­pe­losin, Bortenea, Txurru­pita, Jauregi eta inguruko bertze baserri batzuk trenabidea erabiltzen zuten orain arte herrira joateko, baina Arrigazteluko lanetan ari diren kamioi eta makinek hondatua utzi dute. Proiektuan, errepide berria egin ondotik Bidasoa auzotik errepide zaharrera zubi bat ere eginen dela ageri da. Auzotarrek zubia aitzinetik zergatik ez den egin galdetzen dute. «Gero egin behar badute, zergatik ez dute aitzinetik egin eta behin behineko zubi hauek alde batera utzi? Haseran, kamioiak eta herritik pasatu behar zirela erran zuten, baina orduan Herriko Etxea mugitu egin zen eta zubitik pasatzea erabaki zuten. Zoritxarrez, oraingoan ez da horrenbertze mugitu Udala».

Egurrezko zubitik ere pasatzeko arazoak
Auzotarrek egurrezko zubi bat egin zuten duela hamabortz bat urte, baina hortik ere pasatu dira obretako ibilgailu astunak eta nahiko hondatua dago. Urgentziaren bat gertatuz gero, egoera zaila dute Bidasoako bizilagunek: «Harat-honat segurtasunez joateko oinez ibiltzea bakarrik gelditzen zaigu, baina ezin dugu pentsu zaku bat garraiatu eta ezbeharren bat gertatzen bada…».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun