Euskal Kantuzaleen Elkarteak zortzigarren aldiz antolatu duen Euskal Kantu txapelketan izena emateko epea azaroaren 10ean akituko da. Eskualdean, Elizondoko Xorroxin Irratian (948 581226) edo Leitzako Karrape Irratian (948 610914) ematen ahal da izena. Txapelketa honen helburu nagusiak euskal kantugintza zabaldu eta erakustaraztea, kantatzeko zaletasuna piztea eta kantari berriak plazaratzea da. Horretarako, 15 urtetik goitiko edozeinek har dezake parte, bakarka, bikotean edo 3 partaidetik 10 arteko taldetan. Beti ere kantari amateurrak izan behar dute, ez beren izenean salgai dauden grabaketak ekoiztu dituztenak.
Bi kanporaketa saio eta finala Bordatxon abenduaren 16an
Urtero bezala, bi kanporaketa saio eginen dira aurtengo kantu txapelketan. Lehenbiziko saioa Tafallako Kultur Etxean eginen da, azaroaren 25ean, arratsaldeko 5etan. Astebete beranduago, abenduaren 2an, Agoitzeko pilotalekuan eginen da bigarren saioa, arratsaldeko 5etan. Final nagusia, berriz, Doneztebeko Bordatxo dantzalekuan izanen da, abenduaren 16an, arratsaldeko 4,30etan. Epaimahaia Fermin Iriarte, Zizurreko San Fermin eta Zangotzako Nora abesbatzetako zuzendariak, Arantza Ezkurra, Burlatako Musika Eskolako irakasleak eta Amaia Zubiria kantariak osatuko dute. Finalaren ondotik, urteroko ohiturari segituz, partaide guziekin afaria izanen da.
1.300.000 pezetako aurrekontua du txapelketak eta Euskal Kantuzaleen Elkarteak Nafarroako Gobernuko Kultur Departamenduaren, Nafarroako Rural Kutxaren eta Tafalla, Agoitz eta Doneztebeko Udalen laguntza izan du antolaketan.
Txapelketa urtero eginen da
Euskal Kantuzaleen Elkarteko kide den Pablo Joxe Aristorenak adierazi digunez, hemendik aitzinera kantu txapelketa urtero antolatzeko erabakia hartu dute: «Txapelketa bi urtean behin antolatuz gero, partehartzaile izaten ahal direnen behar bezalako prestaketa zailagoa bilakatzen da».
Joan den urteko partehartzaileen maila puntakoa suertatu zen, Elkarteak argitaraturako CD-an ageri denez. Baina, txapelketaren helburuak kontuan hartuz, maila apalagoko kantarien partaidetza bilatu nahi dute: «Maila apalagoko pertsona eta taldeen partaidetza ezak kezkatzen gaitu, izan ere txapelketa bera baliogarri baita euskarazko kantu zahar eta berriak landu eta kantuzaletasuna herriz herri, taldez talde hedatzeko».
Eskualdeko kantariek maila ederra erakutsi zuten iaz. Bakarka, Estibalitz Agirre beratarra bigarren izan zen. Bikoteka, Jon Pellejero eta Jaione Olazabal aresoarrak ere bigarrenak izan ziren. Taldeka, Lekarozko Lainopean taldeak lehen saria irabazi zuen eta Leitzako Yoartzun taldeak bigarrena. Leitzarrek entzuleen saria ere jaso zuten. Bi taldeek Euskal Herriko txapelketan hartu zuten parte.