Eskualdeko ahozko tradizioa biltzeko beka

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 11

Castillo SUAREZ Bortzirietako Euskara teknikaria

Bortzirietako Euskara Man­­­komuni­da­deak eskualdeko ahozko tradizioa jasotzeko beka deial­dia egin du. Azaroaren 15a bitarteko epea dute egitasmoa aurkeztu nahi dutenek, zer egiteko asmoa duten adieraziz. Baina zer da zehazki ahozko tradizioa jasotzea? Zer egin beharko du beka lortzen duenak?
Ez da liburuetan arakatuz egin beharreko ikerketa izanen. Izan ere, lana grabagailua, mini disca edo bideoa besapean hartuta egitekoa da. Elka­rriz­ketatuei tradiziozko datuak, alegia belaunaldiz belaunaldiko errepikapenean oinarritutakoak “atera” beharko zaizkie: ipuinak, erranera zaharrak, kantuak, kontakizunak…
Haatik, Bortzirietako Eus­kara Mankomunidadearen nahia ez da erabilgarritasunik gabeko ikerketa egitea. Hortaz, beka jasotzen duenak zer egiten ahal den material horrekin, nola erabil daitekeen ikastetxeetan, komunikabideetan... proposatu beharko du.
Laguntzaren kopurua 1.000.000 pezetakoa izanen da eta hiru epetan ordainduko da, lehendabiziko ordainketa esleipena egin eta berehala. Handik sei hilabetera bigarren zatia ordainduko da eta azkena lana bukatu eta emandakoan.
Hautagaiak bakarka edo talde bat osatuz aurkeztu ahal izango dira lehiaketara.
Nola jasotzen ahal da ahozko tradizioa?
Badaude ipuin, erranera, pasadizo... anitz dakizkiten pertsonak. Haiek “lokalizatu” egin beharko dituzte ikerlariek eta solastu... Bisita bat baino gehiago egin beharko zaie ahalik eta material onena erdietsi nahi bada. Gaur egun hagitz bitarteko onak daude ahozko testigantzak jasotzeko. Bideoa erabil daiteke edo, bertzenaz, minidisca: pertsona horri mikrofonoa golkoan paratu eta, hasieran begiratu eta ikutuko badute ere, gero ahantzi eginen  zaie eta naturaltasun osoz solastuko dira.
Hasieran beharrezkoa da gurekin nolabaiteko gidoia eramatea. Egia erran, beti da ona gidoia izatea. Geroago “informatzaileek” beraiek erranen digute hau nori galdetu, bertzea nori ezin zaion aipatu ere egin... “informatzaileek” beraiek markatuko dizkigute lan-ildoak.
Neronek esperientzia piska bat badut gisa honetako lanetan eta altxor ikaragarria aurkitzen ahal da, batik bat zaharragokoen hitzetan. Altxor hori, gainera, urtetik urtera galduz doa gure aitatxi-amatxien desagertzeaz bat. Orain da momentua horiek guztiak jasotzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun